euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Oñatiko Ganbara Abesbatzak Argentinako Euskal Aste Nazionalean abestuz ospatuko du bere 25. urteurrena

2019/07/29

Oñatiko Ganbara abesbatza
Oñatiko Ganbara abesbatza

PUBLIZITATEA

Bahia Blanca, Argentina. Urte berezia da aurtengoa Oñatiko Ganbara Abesbatzarentzat, 25 urte betetzen ari baita. Eta ospatzeko Euskal Herrian eskaintzen ari den kontzertuez gain, Atlantikoa zeharkatuko dute taldea osatzen dute berrogei abeslariek azaroko lehenengo astean, Argentinan bira labur bati ekiteko. Data ez zuten ausaz aukeratu, ordea; izan ere, azaroaren 4tik 10era bertako Euskal Aste Nazionala ospatuko baitute argentinarrek, aurten Bahia Blancan, hiriko Union Vasca Euskal Etxea antolatzaile, eta Euskal Astearen programa barruan bi emanaldi emango dituzte kantari oñatiarrek.

Bahia Blancako Euskal Etxeko lehendakari Juan Manuel Lopetegui-k EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, euskal abesbatza azaroaren 6an, asteazkena, iritsiko da Bahiara eta larunbat arte geratuko da. Tartean, bi kontzertu eskainiko ditu, lehenengoa azaroaren 7an, osteguna, herriko Rivadavia Liburutegiko Auditoriumean, Bahia Blancako Ganbera Abesbatzarekin. Bigarrena, hau Euskal Astearen baitan, Euskal Koruen Topaketan parte hartuz izango da, ostiral arratsaldean, areto berean.

Bahia Blancan emango dituzten kontzertuez gain, Buenos Airesen eta La Platan ere kantatuko du abesbatza gipuzkoarrak Argentinara iritsi berritan. La Platan, azaroaren 3an, iluntzeko 8etan (lekua baieztatzeke). Buenos Airesen, Festival Mundial Buenos Aires Coral koru topaketan, azaroaren 4an eta 5ean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia