euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necochea, Argentina: larunbatean hasiko da Hator Hona programaren 15. urteurreneko edizio ‘kolosala’

2019/07/18

Necocheako Hator Hona programaren 15. edizioa
Necocheako Hator Hona programaren 15. edizioa

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. 2019ko Hator Hona programaren edizio berezi hau, 15. urteurrenekoa, uztailaren 20an, larunbata, hasiko da, abuztuaren 3ra arte luzatzeko. Hamabost urte hauetan programaren bidez Necocheara etorri diren Euskal Herriko gazteetako zortzi ekarriko ditu berriro ere luxuzko edizio honek eta euren (eta euren familien) etorrerarekin batera aktibitate ugari antolatuko dituzte necocheatarrek bi asteetan zehar burutzeko, jai giroa sustatzeko eta batez ere euskal kulturan murgilduta bizitzeko.

Euzko Etxeko gazteek jakinarazi digutenez, programa barruan txalaparta eta pandero tailerrak, hasiberrientzako dantza tailerrak eta euskal kantu tailerra eskainiko dituzte. Amerikako hizkuntza gutxiagotuak euskararekin erlazionatzen dituen Beltzean Mintzo filma eta Euskal Herriko proiektu autogestionatu batzuen berri ematen duen Gure Kabuz ala Hil dokumentalak ere proiektatuko dira.

‘Txiki Eguna’ ere antolatuko dute Hator Honako protagonistek helburu solidario batekin: janaria biltzea Necocheako aterpe batera eramateko. Eta sukaldaritza klaseak ere eskainiko dira, txikientzat zein helduentzat. Ekintza nagusiak, berriz, uztailaren 31an hasiko dira, San Inazio Eguneko Iratzartze Alaiarekin. Abuztuaren 1ean, ostera, Triki-Poteoa izango da proposamena eta abuztuaren 3an San Inazio afaria.

Hator Hona proiektuaren edizio honek bi asmo ditu: Necochearen inguruko herrietako euskal etxeetako kideek ere parte har hartzea –besteak beste San Inazio Eguneko afarian prezio berezia egingo zaie– eta necocheatar ez-euskaldunengan ere iristea, eta helburu horrekin aktibitate batzuk herriko kultur aretoetan barreiatuko dira.

Datozen egunotan informazioa eguneratuz joango da sare sozialetan: Facebooken (proyecto hator hona) eta Instagramen (@hatorhona). Informazio gehiago jasotzeko hatorhona@gmail.com edota centrovasconecochea@yahoo.com helbideetara ere idatz daiteke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia