euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nami Kaneko: "Japonia urrun dago, baina mundu berean bizi garela ikusten dugu Uriberen lana irakurriz"

2012/11/27

Kirmen Uribe eta Nami Kaneko itzultzailea idazleak Tokion egin zuen irakurraldi batean
Kirmen Uribe eta Nami Kaneko itzultzailea idazleak Tokion egin zuen irakurraldi batean

PUBLIZITATEA

Nami Kaneko japoniarrak itzuli du Kirmen Uriberen "Bilbao - New York -Bilbao" eleberria eta, gainera, zuzenean euskaratik egin du. Atxagaren "Obabakoak" japonieraz irakurri zuenean euskal hizkuntzak liluratu egin zuen Kaneko, eta duela zortzi urte hasi zen ikasten. Uriberen azken lanaren berri izan zuenean japoniarrek ondo hartuko zuela argi izan zuen eta bere kabuz hasi zen itzultzen. Tokioko Hakusuisha argitaletxeak plazaratu du lana eta harrera ona izan du. "Guk ere itsasoari lotutako kultura daukagu, gure herrian ere desagertzen ari dira mundu eta hitz zaharrak, gure aiton-amonek gerla bizi izan zuten...", azaltzen du Kanekok. "Hemengo irakurleek ezer gutxi dakite Euskal Herriari buruz, baina liburua irakurri eta gero, oso hurbil sentitzen dute".

Tokio, Japonia. Iragan azaroaren 5etik 9ra Kirmen Uribe idazle ondarroarra Japonian izan zen, "Bilbao- New York - Bilbao" eleberriaren japonierazko edizioa aurkezten Tokion eta Okinawa irlan. Bidaiaren  antolakuntzan eta liburuaren argitalpenean eskuhartze handia izan zuen Nami Kaneko itzultzaileak. Kaneko bere kabuz hasi zen liburua itzultzen, zuzenean euskaratik, eta bere ingurukoei erakusten hasi zen, japoniarrek ondo ulertuko zutelakoan. Eta horrela izan zen: editore batek itzulpen horiek irakurri zituen, eta irailean Tokioko Hakusuisha argitaletxeak plazaratu zuen eleberria.

"Bilbao-New York-Bilbao liburuaren itzulpen prozesuan kointzidentzia asko gertatu izan zaizkit eta hori oso interesgarria da, liburu horretan ere kointzidentziak indar handia dauka eta. Egia esan, asko harritu ninduen argitaletxearen erabakiak, oso azkarra izateaz gain, niretzat ustekabekoa izan zelako euskal idazle baten nobelak Hakusuisha bezalako argitaletxe ospetsu batek hartzea", azaldu dio Kanekok EuskalKultura.com-i. "Gainera liburu osoa itzultzea, eta euskaratik... lehen aldia izan da niretzat. Baina nobela horrekiko maitasunagatik egin dut, hemengo irakurleek ezagutu dezaten".

"Obabakoak" motibazio

Namik orain hamar urte ezagutu zuen euskal kultura, Tokion 2003an egin zen euskal zinemaldi bati esker. Bera Literatura eta Espainiar Kultura ikasketak egiten ari zen eta oporretan Euskal Herrira joatea erabaki zuen. Etxera itzulita, euskara ikasten hasi zen Waseda Unibertsitatean eta urte horretan japonierara itzuli zuten Obabakoak irakurri zuen.

"Orain badakit gertaera haiek guztiek nire bizitza markatu zutela. Laster "Obabakoak" jatorrizko bertsioan irakurtzea euskara ikasteko motibazio nagusi bihurtu zen". Donostian urtebetez euskara eta euskal kultura ikasi zuen EHUn, euskaltegi batean ibili zen ere eta, egun, Euskal Literaturari buruzko tesia prestatzen ari da doktoretza egiteko Tokyo University of Foreign Studies-en.

Mundu berean

Uriberen eleberria japoniarrek ondo ulertuko zutela argi zuen Kanekok: "Japonia Euskal Herritik urrun dago geografikoki, baina mundu berean bizi garela konturatzen gara japoniarrok nobela hori irakurriz. Guk ere itsasoari lotutako kultura daukagu, gure herrian ere desagertzen ari dira mundu eta hitz zaharrak, gure aiton-amonek gerla bizi izan zuten... Kirmen Uriberen nobelak horrelako gauzez gogoeta eginarazten digu, eta oso ederra da hori, literaturaren bidez komunikazio berri bat sortzen delako".

Kanekok euskal eta japoniar kulturaren artean zenbait parekotasun ikusten ditu. Estetika, adibidez. "Xumetasunagatik, batez ere. Eta gure hizkuntzen artean ere parekotasunak daude, zalantzarik gabe. Kirmen eta biok asko harritu ginen euskaraz eta japonieraz errezitalak egiten genituenean. Askotan soinua eta erritmoa parekoak dira bi hizkuntzetan. Baita hitzen ordena ere. Gaztelaniaz edo ingelesez hori ez da sekula gertatuko".

Haziak ereiten 

Japoniako aurkezpen birako une berezietako bat Uribek Okinawa irlako idazleekin egin zuen topaketa izan zen. "Okinawako hizkuntza ere estatu gabekoa da, eta euskarak bezala ahozko tradizio aberatsa dauka. Baina kontua da Euskal Herrian egoera askoz ere hobea dela maila guztietan. Euskara jada salbatuta dago, baina Okinawako edo Ryukyu uhartediko hizkuntzak hiltzeko arriskuan daude UNESCOren arabera", dio Namik. Horregatik "asko interesatzen zaie Euskal Herrian bizi duzuen esperientzia, batez ere dialektoen bateratzea. Nik uste euskaldunek asko duzuela eskaintzeko, hizkuntza eta literatura salbatzeko hainbat zailtasun gainditu dituzuelako".

Kanekok euskal kultura nazioartean zabaltzen jarraitzeko eskatzen du. "Biziki estimatzen ditut egiten ari diren lanak, batez ere Etxepare Euskal Institutuarenak. Jakin badakit atzerrian ekitaldiak ematea eta liburuak argitaratzea zailak direla, baina horrela haziak ereiten dituzue. Eta ni neu naiz hazi haietako baten emaitza. Ez dakigu noiz eta nola agertuko den ni bezalako pertsona bat, nonbaiten euskal kultura ezagutu eta zortzi urte geroago itzultzaile bihurtuko dena", dio. "Eta literatur lanak itzultzea oso garrantzitsua da, literaturak beti batu egiten gaitulako. Horixe da Kirmen Uriberen nobelarekin gertatzen ari dena Japonian, eta ziur nago beste leku askotan ere posible dela".

 



Komentarioak

  • Eskerrik asko Kaneko

    Eskerrik asko Kaneko inspirazio eta jarraipide izateagatik. Zubilanagatik. Haundia naizenean zu bezalakoa nahi dut izan.

    Lures Galarraga, 2012/11/27 19:58

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia