euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Kanpoko euskal komunitateak prest Diasporaren Eguna ospatzeko! Gero eta hitzordu birtual gehiago mundu osoan

2020/09/04

2020ko Euskal Diasporaren Eguna
2020ko Euskal Diasporaren Eguna

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Atseginez eta engaiamendu eta gogo handiz hartu zuten mundu osoko euskal etxe eta komunitateek 2018an Eusko Jaurlaritzak irailaren 8an 'Euskal Diasporaren Eguna' ospatzeko egindako proposamena. Izan ere, ekintza ugari egin zituzten urte hartan bertan elkarteek, Euskal Herritik kanpo bizi edo sortu diren euskaldun eta euskal jatorrizkoentzat euren izatearen eta garatzen duten lanarekiko errekonozimendu handia den data horretan.

Aurten, ordea, CODIV-19ak sortutako egoerak baldintzatuta, edizio ia erabat birtuala ospatzeko deia luzatu die Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak munduko euskal erakundeei. Euskal Diasporaren Egunaren inguruan burutzen diren ekimen guztien irudiak bildu eta editatu nahi ditu Jaurlaritzak bideo orokor batera biltzeko asmoarekin (deialdiaren zehaztasunak hemen).

Euskal Etxeetako asko bideo ederrak ari dira prestatzen irailaren 8an euren sareetan aurkezteko. Abestiak, lagunen testigantzak, dantzak, aurreko urteetako ospakizunen momentu hautuak… mota askotako edukiak ari dira biltzen Diasporaren Eguneko ospakizunean zabaltzeko.

Beste elkarte batzuek, berriz, jarduera zehatzak antolatu dituzte eta komunitate osoari luzatu diote gonbitea, Internet bidez eta zuzenean parte hartzeko. Hona jaso ditugun gonbiteen selekzio bat. Zure euskal etxearen aktibitatea ez badago, hona bidal dezakezu informazioa.

Argentina

-La Platako Euzko Etxeak gaur bertan egingo du bat Diasporaren Egunarekin, omenaldi batekin. Immigrantearen Eguna dela eta Argentinako Migrazioen Zuzendaritza Nagusiak antolatzen duen ekimenean diploma emango diote Iñaki Aramayo Lazcano euskal gizataldearen ordezkariari. Asteartean bertan Eguzki bere aldizkariaren ale berri bat plazaratuko du Euzko Etxeak. Hitzorduaren informazioa, hemen.
-Pergaminoko Lagun Onak-ek, irailaren 12an, ospakizun birtuala egingo du: Martha Arrillaga lehendakariak Diasporaren Eguna zer den azalduko du, Goizeko Izarra dantza taldeak aurreskua eta fandangoa dantzatuko ditu, eta bi omenaldi egingo dituzte: Julio Maiztegui sendagileari eta Hernan Digilio idazleari. Eramateko gastronomia salgai: bakailaoa eta tortillak.

Brasil

-Sao Pauloko Eusko Alkartasunako lagunek, irailean zehar bildu eta sareratuko dituzte “Parte izateko harrotasuna” lelopean egindako testigantzak. Irailaren 12an, arratsaldeko 4etan, “Euskal kolektibitatea Brasilen” izeneko aurkezpena, on line. Informazio gehiago, hemen.

Estatu Batuak

-New England Euskal Etxeak aurrez aurre ospatuko du Euskal Diasporaren Eguna irailaren 6an, 13:00etan, Amateur Frontoian. Aizkolari eta herri kirolak, Jai Alaia eta paella. Segurtasuneko protokoloa errespetatuko da, maskara erabiliz eta distantzia errespetatuz. Informazio gehiago, hemen.

Espainia

-Madrilgo Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak ‘Munduan Fruitua’ izeneko argitalpena prestatu du aurten Diasporaren Egunerako, euskal kulturari buruzko 20 artikulu bildu eta plazaratuz. Argitalpenaren aurkibidea, hemen.

Japonia

-Tokyoko Euskal Etxeak on-line ospatuko du, Zoom plataforman, irailaren 6an.

Txile

-Viña del Mar-Valparaisoko Eusko Etxeak irailaren 8an ospatuko du, topaketa birtual  batekin. Arratsaldeko 7etan, Elkarteko lagun den Daniel Oholeguy argentinarrak ‘Historia eta euskal emigrazioa” hitzaldia eskainiko du Zoom plataforman. Informazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia