euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Iñaki Salvadorrek Mikel Laboa omenduko du asteburu honetan Japonian, Kanazawa Jazz Street Jaialdian

2019/09/12

Iñaki Salvador
Iñaki Salvador

PUBLIZITATEA

Iñaki Salvador eta bere banda Japoniako Kanazawa hiriko Kanazawa Jazz Street jaialdian izango dira asteburuan, eta irailaren 14ean eta 16an kontzertu bana eskainiko dute. Salvadorrek trio formatuan 2010. urtean argitaratutako Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean diskoko abestiak interpretatuko dituzte.. Ainara Ortega, Maria Berasarte, Angel Unzu, Javier Mayor eta Aitor Bravo musikariak daramatza berarekin  Japoniara Salvadorrek, ekimena sustatu duen Etxepare Euskal Institutuak plazaratu duenez.

Donostia-San Sebastian. Mikel Laboaren musikari izan ostean, bere omenez atera zuen Lilurarik ez – Mikel Laboarekin solasean diskoan oinarrituta, Laboa Jazz izeneko ikuskizuna prestatu dute Salvadorrek eta bildu duen taldeak Kanazawan eskaintzeko. Bertan, musikari mitikoaren abestirik esanguratsuenak jazz ukituarekin berrinterpretatuko dituzte. Oyama tenpluaren ondoan jarriko duten kaleko eszenatokian izango da kontzertua, arratsaldeko 17:30ean.

Iñaki Salvador musikariak (Donostia, 1962) formakuntza musika klasikoan duen arren, jazz musikaren alorrean eman ditu bere karrerako pauso gehienak. Konposizio lanetan aritu da hainbat konpainiarentzat; eta, horrez gain, bere jazz banda propioen lidergoa darama. Gaur egun jazz piano irakaslea ere bada Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian.

Kanazawa Jazz Street jaialdiak, 2009. urtean sortuak, 11. edizioa izango du aurtengoa eta irailaren 14tik 16ra bitartean egingo da. Bertan, Japoniako eta mundu-mailako jazz musikari esanguratsuak biltzen dira, 200tik gora kaleko ikuskizun eskainiz, eta 100.000 bat bisitari erakartzen ditu jaialdiak urtero. Hiru egunez, hiriko kale bazterrak jazz musikaz beteko dira, baita hiriko zenbait areto ere. Kontzertuez gain, tailerrak eta bestelako ekintzak ere egingo dira egunotan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia