euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaurtik: Zinema dokumentala eta kongresu bat hizkuntz gutxitu eta hedabideez, Scotland goes Basque programari amaiera emateko

2019/10/11

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. 2019. urte hasieratik hona, #ScotlandGoesBasque programaren eskutik, euskal kultura garaikidea erakusgai izan da Eskoziako kultur programa nagusienetako batzuetan: musika, Celtic Connections jaialdian; zinema, CinemaAttic plataformaren programazioan eta Edinburgh International Film Festival zinema jaialdian; arte eszenikoak, Fringe-en eta literatura, Edinburgh International Book Festival-en. Udazken honetan, azkenik, zinema dokumentalean eta unibertsitatearen alorrean jarriko du fokua #ScotlandGoesBasque programak, ekimena sustatzen duen Etxepare Euskal Institutuak ohar batean jakinarazi duenez.

Europa Transit, Edinburgo eta Glasgow-en

Gaur bertatik hasita, esan nahi baita urriaren 11etik eta 20ra bitartean, Europa Transit dokumental-bildumako hiru izenburu ipiniko dira ikusgai Eskozian: "Kaleko dantzariak", "Mugaminak" eta "Erresilientzia-soinuak". Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren baitan, Europan barrena hamar hiritan (Ceuta, Belfast, Dresden, Wroclaw, Sarajevo, Mosku, Pafos, Plovdiv, Pristina eta Tesalonika) abiatu zen kultura-enbaxada ibiltaria izan zen Europa Transit; elkarbizitzarako trantsizioaren kultura sustatzea helburu zuela. Egitasmoaren aitortza gisa, Xuban Intxausti zinemagileak zuzendutako hamar dokumentaletako hiru aurkeztuko dira Edinburgo eta Glasgow-en.

“Kaleko dantzariak”

Bihar larunbata, urriaren 12an, Edinburgoko Scottish Documentary Institute delakoan aurkeztuko den "Kaleko dantzariak" filmak Sra. Polaroiskak --hau da, Alaitz Arenzana eta María Ibarretxek osatutako talde artistikoak-- Bulgariako Plovdiv hirian erromaniar etniako hainbat gazterekin ikuskizun bat prestatzeko burutu zuten egonaldia jasotzen du. Proiekzioaren aurkezpena, María Ibarretxe eta Alaitz Arenzanak berek egingo dute, eta proiekzio horren osagarri, bezperan, "Lur away" performancea taularatuko dute eskoziar hiriburuko Lauriston Hall aretoan.

“Mugaminak”

Urriaren 17an, Amets Arzallus bertsolari eta kazetariak Zipren greko-zipretar eta turko-zipretar komunitateen arteko gatazkaren ondorioen berri jaso eta bere bizipen propioekin alderatuz grabatutako "Mugaminak" dokumentala aurkeztuko du Edinburgoko St Cecilia’s Hall aretoan. Horrez gain, hitzaldia ere emango du, bertsolaritzaren gainean, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusian txapeldun izan zen Amets Arzallusek.

“Erresilientzia-soinuak”

Zikloa ixteko, urriaren 20an Glasgow-ko Arte Garaikideko Zentroan "Erresilientzia-soinuak" dokumentala aurkeztuko da. Maite Arroitajauregi (Mursego) eta Vedran Smailovic (Sarajevoko biolontxelojotzailea) protagonista dituen filmak musikaren bidez trauma gainditzeko gaitasunaz jarduten du, Bosnia Herzegovinako gerraren ostean bizi den egoeratik abiatuta. Jarraian, Mursegok zuzeneko emanaldia eskainiko du areto berean.

Kongresua hizkuntza gutxiengotu eta hedabideez

Eta azkenik, Kongresua Edinburgoko Unibertsitatean, komunikazio sistema globalak eskaintzen dituen erronkak eta aukerak aztergai. Euskal Herriak eta Eskoziak komunean dituzten faktoreen artean daude hizkuntza aniztasuna, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa eta egoera horren aurrean hedabideek duten funtzioa eta  hauen garapena.

Hortik abiatuta, Etxepare Euskal Institutuak eta Edinburgoko Unibertsitateak nazioarteko kongresu bat antolatu dute, urriaren 16an eta 17an Edinburgoko Unibertsitateko The Informatics Forum eraikinean egingo dena. 30etik gora aditu bilduko dituen kongresu honen xedea da hizkuntza gutxituetako hedabideen inguruan eztabaida akademikoa eta profesionala sustatzea eta, aldi berean, unibertsitate-ikertzaileen eta hizkuntza horiek lanabes dituzten komunikabideetako profesionalen artean elkarlana bultzatzea.

Besteak beste, landuko diren gaiak dira: komunikazio eta kultura politikak; hedabideen ekonomia eta eremu digitala; telebistak eta Interneteko bideo plataforma berriak; audientzia, genero eta eduki azterketak; programazio estrategiak eta edukien kontratazioa; produkzio baldintzak eta distribuzio aukerak; edukien komertzializazioa; hedabideak eta hezkuntza; lurraldetasuna, hizkuntza eta nortasuna; eta hedabideak eta genero ikuspegia. Eta honakoak dira bertan present egongho diren hizkuntzak: akaniera, bosniera, Eskoziako gaelikoa, eskoziera, euskara, frisiera, irlandera, jorubera, kornubiera, kroaziera, kymruera, nederlandera, sardiniera, serbiera eta zuluera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia