euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Estatu Batuetako euskal diasporaren ekitaldi nagusi guztiak erori egin dira 2020an: Lepoan hartu eta segi aurrera

2020/04/16

Winnemuccako (Nevada) euskal jaiak ere bertan behera geratu dira aurtengoz
Winnemuccako (Nevada) euskal jaiak ere bertan behera geratu dira aurtengoz

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Egiari zor, ez bakarrik euskal diasporari dagokionez, eta ez bakarrik Estatu Batuetan, baina artikulu honetan AEBetako euskal diaspora aipatuko dugu, bertan baitziren (Ipar Hemisferioko) uda honetan gertatzekoak zenbait ekitaldi berezi eta jendetsu. Orain bi aste t'erdi artikulu bat argitaratu genuen Diasporan Koronabirusarengatik bertan behera geratzen ari ziren saioei buruz, eta geroztik, banaka baieztatu egin dira iragarpen ezkorrenak, orduan erortzeke zeudenak ere erortzen amaitu baitute.

Hala gertatu da Fresno, Los Banos eta Bakersfield-eko Euskal Jaiekin, Winnemuccakoarekin eta San Frantzisko Euskal Etxearenarekin, Elkoko Basque National Festivalekin eta Boiseko Jaialdi, New Londoneko NABO Biltzar Nagusia eta Euskal Jaia eta beste zenbaitekin, gehienbat prebentzio neurri gisa, ekitaldi jendetsuak izanik, eta Covid-19a neurri handi batean oraindik fenomeno eta egoera ezezaguna denez, arriskuak hartzeak zeure jendea arriskuan jarriz ez baitirudi komunitate normal batek segitu nahi duen politika.

Maiatzetik irailera bitarteko epea da urtero Estatu Batuetan piknik eta elkarretaratzeen sasoi nagusia, eta aurtengoa galdutzat eman dezakegu, elkarretaratze birtualek ez baitute oraingoz lortu elkarretaratze fisiko baten ordea --are gutxiago euskal festa batena-- hartzea. Haurren NABO Udaleku, Salt Laken gertatu behar zuena, bertan geratu da, baita 2020ko ekitaldi izar izan behar zuten NABO Convention New Londonen; eta Boisen Jaialdi ere, azken hau aurrerago, urtebete barru, 2021eko uztailean, egingo bada ere.

Bistan da bertan behera geratu direla ez bakarrik hitzordu handi eta ertainak, txikiagoak ere egunerokoagoak ere baizik, euskara eskolak, mus txapelketak, hitzaldi eta zinema saioak, emanaldi eta kontzertuak, afariak, dantza errepika eta entseguak eta komunitate batek garatzen dituen beste hainbat. Kolpe handia euskalgintzari, ilusio asko zapuztearekin batera, honek guztiak dakartzan ondorio ekonomikoekin ere. New Englandekoa bezalako euskal etxe apal batentzat jipoi handia da urteak prestatzen zeramatzaten aurtengo NABO Convention kantzelatzea, eta beste maila batean baina zer esanik ez Boiseko Jaialdiri buruz.

Momentuko, abuztu eta iraileko hitzordu batzuk ez dira kantzelatu. Ez dago presarik erabakia hartzeo, esaten digute. Eta, bistan da, espero dezagun egoeraren uhina ez irisltea irailera eta ez segitzea eta harrapatzea, Argentinan, esaterako, bertako Euskal Aste Nazionala. Aste hau izango seguruenik euskal diasporaren aurtengo elkarretaratze handietan bertan behera geratzetik libratu den saio bakarra, azaroan. Nahiz eta, txertoa oraindik topatu gabe, dagozkion prebentziozko segurtasun neurriak hartuta. Hatzak gurutzatuta ditugu dagoeneko.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia