euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Entzun nola ospatu duten Argentinako Arrecifesen Emakumearen Eguna, "Konplize ditut-eta, maite ditut denak"

2021/03/09

Kantari Teresa de Zavaleta, Mariana Dominé Irigoyen, Laura Nobile eta Adrián Charras. Zorionak Arrecifes, eskerrik asko!
Kantari Teresa de Zavaleta, Mariana Dominé Irigoyen, Laura Nobile eta Adrián Charras. Zorionak Arrecifes, eskerrik asko!

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. "Emakumearen Eguna" izan zen atzo. Lehen "Emakume Langilearen Eguna" deitzen zioten, baina izenlaguna kendu zioten, ohartuta errepikapena eta pleonasmoa zela. Pandemia testuinguru honetan, mundu osoko Euskal Etxe eta euskaldunek bat egin dute hamaika mezu eta dei plazaratuz sareetan. Argi dago aldarrikapen feminista aurrera ari dela azken urteetan gure diasporaren baitan, baina zalantzarik ere ez dago, beste hainbat lekutan bezala, bide luzea geratzen dela oraindik ibiltzeke.

Emakumearen Egunak EEetan bildu dituen bategite, aldarrikatze eta ospatzerako dei horien guztien adierazgarri, euskal etxe berezi batek egindako bideo eder eta hunkigarri bat ekarri nahi izan dugu hona. Euskal Etxeak 99 urte beteak ditu eta joan den igandean, hain zuzen, batu zituen lagun eta bazkideak bere Mendeurrena nola hobeto ospatu prestatzeko. 100 urte ez dira gutxi, baina bereziki garrantzitsuak dira lanean gogor bezain alai eta bozkarioz eman direnean, euskaltasuna ospatzen eta inguruan ereiten, hori baita Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxearen kasua.

Beherako, EDBeko lagunek ekoitzi duten bideoa. Aurretik, Euskal Etxeak berak Emakumearen Egunaren karietara zabaldu dituzten hitzak:

Munduko emakumeek nahi eta merezi dute etorkizun parekide eta estigma, estereotipo eta indarkeriarik gabea, etorkizun irakurkor eta baketsua, pertsona guztientzako eskubide eta aukera berdinduna. Helburu hori lortzearren, munduak emakumeak behar ditu erabakiak hartzen diren mahai guztietan. Horregatik, BIZRIK nahi ditugu. Indarkeriak markak uzten ditu eta ez ikusteak feminizidioak ekartzen ditu.

Euskaldunak Denak Bat-ek bat egiten du Emakumearen Nazioarteko Egunarekin baina bizitzen ari garen baldintzetan beharrezkoa ikusten du jendaurrean agertzea emakumea jasaten ari den indarkeriaren kontra.


Kantari, Teresa de Zavaleta, Mariana Dominé Irigoyen, Laura Nobile eta Adrián Charras.
Eskerrik asko eta Zorionak eurei eta emakume guztiei! (baita Mikel Markezi ere, kantuagatik)

​Konplize ditut-eta...

Emakume zuzenak
okerrak, kirtenak
moja txintxoak eta
zerrama irtenak
itsusiak, politak
atletak, herrenak
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Konplize ditut-eta, maite ditut denak

Langileak, alferrak
lanik ez dutenak
tuntunak, mediokreak
klaseko lehenak
ale desegokiak
andre txit gorenak
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Konplize ditut-eta, maite ditut denak

Ama onak ta txarrak
ama ez direnak
lurrera jausi arte
mozkortzen onenak
ta umeen merienda
usaina dutenak
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Konplize ditut-eta, maite ditut denak

Lotsatiak, ausartak
argalak, gizenak
iletsuak, soil-soilak
marimutilenak
katemeak, gorilak
panterak, zezenak
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Konplize ditut-eta, maite ditut denak

Lehen munduko emeak
kapitalistenak
lur usaia daukaten
andre indigenak
zuri, gorri, horiak
beltzetan beltzenak
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Konplize ditut-eta, maite ditut denak

Markesaren alabak
neskame gizenak
printzesak ta sorginak
ogroak, sirenak
Maritxuak, Bartolo
itxura dutenak
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Konplize ditut-eta, maite ditut denak



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia