euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako proiektu batekin, Asier Barandiaran izango da Nevadako Unibertsitateko Jon Bilbao Katedrako 2020ko ikerlaria

2020/06/26

Asier Barandiaran (arg Natalia Rouzaut-Nafarroako Unibertsitatea)
Asier Barandiaran (arg Natalia Rouzaut-Nafarroako Unibertsitatea)

PUBLIZITATEA

Reno, AEB. Nevada estatu iparramerikarreko Reno hirian kokatua dagoen University of Nevada, Reno-ko Center For Basque Studies-en egoitzan urtero edo bi urtean behin egin ohi den ikerketa egonaldiak, Jon Bilbao Katedrak alegia, badu ikerlaria aurtengo ediziorako. Asier Barandiaranek aurkeztutako ikerketa proiektua izan da hautatua, eta hilabete batzuetako egonaldia egingo du Renon ikerketa lan hori gauzatzeko, Etxepare Euskal Institututik jakinarazi dutenez.

Barandiaranek “Nafarren emigrazioa Ameriketako Estatu Batuetara XX. mendean: Mundu Berrian utzitako aztarna eta Nafarroan izan duen inpaktua” izeneko ikerketa proiektua aurkeztu du, eta hainbat irizpideren arabera izan da hautatua; hala nola, euskal diasporaren gaiari egokitutako proposamena izatea, kalitatea eta interesa, genero ikuspegiaren txertaketa eta alde berritzaileak edukitzea. Egonaldiaren datari dagokionez, normalean abuztutik aurrera egin ohi den arren, aurtengo osasun-larrialdi egoera dela eta, baliteke atzerapen txiki bat izatea, azken puntu hau laster adieraziko delarik.

2014an sortua, Jon Bilbao Katedraren helburua da euskal diasporari eta euskal kulturari buruzko ikerketa eta ezagutza nazioartean sustatzea. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dituen gainontzeko 8 katedretatik ezberdintzen da honako hau; ikerketarako, eta ez irakasgai bat emateko, egonaldia eskaintzen duen bakarra baita. Katedrak irakasle bisitari batentzako ikerketa-beka eskaintzen du urtero edo bi urtero, Jon Bilbao Visiting Research Fellow izenpean. Onuradunak University of Nevada, Renoko (UNR) CBS zentroan izango du egoitza, hori baita AEB mailan euskal diasporaren gaineko ikasketen irakaskuntza eta ikerketa erakunde nagusia.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia