euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Deia Corpus Christitik EEetako eta EHko euskaldunei: "Ez al duzue gure literatur lehiaketan euskaraz parte hartu nahi?"

2020/05/05

Corpus Christiko Eusko Etxea, bertako bazkide eta lagun batzuk aurrean, artxiboko irudi batean
Corpus Christiko Eusko Etxea, bertako bazkide eta lagun batzuk aurrean, artxiboko irudi batean

PUBLIZITATEA

Corpus, Argentina. Ilusioz eta kulturarekiko atxikimendu eta engaiamendu handiz eta bertako gizartea eta kultur mundua inarrosi eta lagundu nahirik antolatzen dute urtero Argentina Iparraldeko Misiones probintzian bertako Corpus Christi herriko lagunek inguru zabal batean ezaguna eta izenduna den Literatur Lehiaketa hau. "Kontaketa Harrigarriak" izenarekin hasi zen 2009an, eta geroztik tinko eutsi dio, eta hala plazaratu da aurten ere, bere proposamena zabalduz idaztea maite dutenei, euskaraz zein gaztelaniaz. Hau guztia, Buenos Airestik errepidez mila kilometrotik gorako errepide ibilbidea daukan Misiones probintziako hiru mila biztanle pasexeko herriska txiki batetik.

Corpuseko Eusko Etxeko eta antolaketa batzordeko kide ekimentsu den Olga Leiciagarekin solasean, aipatu digu aurtengoan, orain artean, dozenatik gora lan jaso dituztela gaztelaniaz eta, momentuko ez dutela euskarazko originalik bildu. Egia da denbora geratzen dela oraindik, epe-muga ekainaren 30a baita. Gogoratu, bestalde, aurten, urte berezia denez, gaia ere berezia ezarri dela, koronabirusa, eta honek eragin dituen egoera, pasadizo, gogoeta eta istorioak direla 2020eko edizio honen gaia.

Argentinan bertan eta munduan euskaldun diren eta Euskal Etxeetan --eta hauetatik kanpo ere-- euskara menperatzearren ikasten ari diren guztiei zuzentzea proposatu digu Olgak, gonbite berezia luzatzearren, testu bat idatzi --kontaketa laburragoa edo luzeagoa izan daiteke, ez dago aldez aurretik ezarritako luzerarik-- eta lehiaketan parte hartzeko deia eginez. Eta hauxe besterik ez da artikulu honen xedea, animatzea EHko eta munduko gazte eta zahar euskaldunei --bereziki agian baina ez bakarrik euskal etxeetakoei-- tartean euskara klaseetan dabiltzanei, euren idazteko trebetasuna eta adierazgarritasuna landu eta lehiaketa honetan parte har dezaten.

Hartu denbora pixkat, biribildu ideiaren bat eta bidali zure lana Corpus Christira.

-Oinarri eta xehetasunak, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia