euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Boiseko hiriak urteko bere Euskal Festak ospatuko ditu asteburu honetan, San Inazioren karietara

2019/07/26

San Inazio 2019 euskal jaien kartela, Estatu Batuetako Idaho estatuko hiriburu Boisen
San Inazio 2019 euskal jaien kartela, Estatu Batuetako Idaho estatuko hiriburu Boisen

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Boiseko hiriak urteroko bere Euskal Festak bizi izango ditu gaurtik aurrera datorren asteburu honetan. Festok hiriaren erdigunean dagoen Basque Block delakoa izango dute egoitza nagusia eta egitarauak biltzen ditu, besteak beste, pilota eta kirol partida eta ekitaldiak, musika, dantza, kultur erakustaldiak, janari/edari saltoki aukerak eta bestelakoak, baita euskal meza ere, hiriko Saint John katedralean bertako euskal apezak emana.

Egiazki, pilota partaidetako batzuk atzo osteguna gauzatzen hasi ziren Basque Block-eko Anduiza euskal pilota kantxa estalian, eta igandera arte garatuko dira, tartean erromeria eta dantzaldi publikoak ere badituztela, esaterako, euskal-amerikar erritmoez, kalean, Euskal Herriko edoizein herriko festetan egiten denaren antzera.

San Inazioren ohoretan egiten dira urtero Boiseko euskal festak, eta programaren baitan bihar larunbata euskarazko meza emango dute hiriko Saint Mark elizan, "Inazio gure patroi haundia..." kantatuz, bertako Oñati dantzariak eta Biotzetik abesbatza ere partaide.

Nahi duenak ere aukera dauka, egunotan Boiseko Euskal Museoan --Basque Block-en bertan-- zabalik dagoen euskal emakumeei buruzko erakusketa bisitatzeko, podcast honetan Patty Piller Boiseko Euskal Museoko arduradunak ingelesez azaltzen duenez.

Gogoratu, azkenik, festa hau, datorren urteko edizioan, Jaialdi euskal festa erraldoia bilakatuko dela, eta aspaldi hasia dela jendea hotelak eta bertarako bidaiak hartzen, inoiz baino jendetza handiagoa espero baita, bereziki Estatu Batuetatik, baina baita euskal diasporako beste leku batzuetatik eta Euskal Herritik ere. Planak oraindik egin ez badituzu eta bertaratzeko asmoa badaukazu, ez zazu askoz ere gehiago laga!

Ikus aurtengo programa nagusia hemen:



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia