euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bahia Blancako Euskal Etxeak eta FEVAk 2019 Euskal Asteko Euskarazko lehiaketetan parte hartzera gonbidatzen dute

2019/08/07

2019ko Euskal Astearen logotipoa
2019ko Euskal Astearen logotipoa

PUBLIZITATEA

Bahia Blanca, Argentina. Erakundea sortu zeneko 120. urteurreneko programa barruan eta azaroaren 4tik 10era Bahia Blancan egingo den Euskal Aste Nazionalari begira Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxeak euskara ardatz duten hiru proposamen antolatu ditu: bi lehiaketa eta txikientzako jarduera bat. Ekimenek FEVAren babesa daukate eta Euskal Astearen programa barruan daude, jaian ere euskara sustatzeko asmoarekin. Lehiaketetako sariak euskarazko materiala eta diplomak izango dira eta Euskal Astearen baitan banatuko dira.

‘Beti Euskaraz’ Ipuin Lehiaketa

Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko euskal etxeetako euskara ikasleei dago zuzenduta, banaka edo taldeka (gehienez lau kide) parte har dezaten. Ipuinak, euskaraz idatzitakoa eta gai eta generoa librekoa behar du izan; beraz, ipuinak ez ezik, saiakerak, antzezlanak, olerkiak, abestiak edo komikiak ere aurkez daitezke, neurri aldetik beti ere orrialde bat eta lau artekoak. Testuak argitaragabea behar du izan eta lanak bidaltzeko epea irailaren 30ean bukatuko da. Oinarriak hemen.

Kartel Lehiaketa

Kartel Lehiaketaren helburua 2020ko Argentinako euskal etxeetako euskara eskolak iragartzeko afixa diseinatzea da. Argentinako euskal etxeetako maila guztietako euskara ikasle eta irakasleek har dezakete parte, banaka edo taldeka, eta neurriari dagokionez, 25x38 zentimetrokoa izango da. Egileek lau kolore erabili ahal izango dituzte eta testua euskaraz eta gaztelaniaz egon daitezke. Lanak bidaltzeko epea irailaren 30ean bukatuko da. Oinarriak hemen.

Txikien postalak

Euskal Etxe anfitrioiak haurrentzako proposamenik ere badauka: Argentina, Brasil, Txile eta Uruguaiko euskal etxe eta euskal elkarte guztietako txikiak daude gonbidatuta euskal mitologia edo ipuin klasikoei lotutako 15x21 zentimetroko postalak egitera. Postalaren kontrako aldean egileak iruzkin bat idatzi beharko du, konparazio ipuina edo pertsonaia zergatik gustatzen zaion adierazi, edo agur bat idatzi beste euskal etxe bateko lagun bati zuzendua, euskaraz edo gaztelaniaz. Eskuz egindakoa beharko du izan eta Euskal Asteko azken bazkarian txikiek postalak trukatu ahal izango dituzte. Lanak bidaltzeko epea irailaren 30ean bukatuko da. Oinarriak hemen.

Epaimahaikideen erabakiak Euskal Aste Nazionaleko agur bazkarian jakinaraziko dira, azaroaren 10ean, igandea, eta sari-emanaldia bazkaloste horretan egingo da. Xehetasun gehiago, snv120urteunionvasca@gmail.com helbidera idatzita.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia