euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Anaia Iñigoren heriotzak Fermin Muguruzak Txilen zeuzkan hitzorduak bertan behera geratzea eragin du

2019/09/12

Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza' filma gaur arratsaldeko 7etan egingo da Viña del Mar-eko Cinemark Espacio Urbano-n.
Fermin Muguruzaren 'Black is Beltza' filma gaur arratsaldeko 7etan egingo da Viña del Mar-eko Cinemark Espacio Urbano-n.

PUBLIZITATEA

Viña del Mar, Txile. Fermin Muguruzak, berak zuzenduriko 'Black is Beltza' filma aurkeztu behar zuen gaur ostegunean bertan, Viña del Mar-ko Nazioarteko Zinemaldiaren aurresasoiaren baitan, eta ekitaldia bere partaidetzarik gabe egingo da, hiriko Euzko Etxetik jakinarazi zaigunez. Kantari irundarrak mezua zuzendu zien duela egun batzuk antolatzaileei, honako testuarekin: "Txileko lagunok: Bihar zuen herrialdera bidaiatzen egon beharko nuke irailaren 11ko oroitzapena elkarbanatzeko (prest neukan Victor Jararen nire elastikoa) hilaren 12an aurkezteko Viñako Zinemaldiaren baitan Black is Beltza, eta 13an Txileko Santiagon, eta musika partaidetza bat izateko Ska Klubaren edizio berezi batean Nueva Santiago - Ideas Musicales-en eskutik: Metronomo Aretoko Club Manifest, Skaldik-eko musikariekin, izan ere prestatzen ari ziren errepertorio bat nire bizitzako kantu guztiak errepasatzeko, Kortatu-tik Brigadistak-eraino, Negu Gorriak-tik Yalah Ramallah-eraino. Gertatzen da, baina, indarrik gabe nagoela bidaiatzeko nire anaia eta lagun maite Iñigo Muguruzaren galeragatik. Gero arte batekin baino ezin zaituztet agurtu, Txile maite horretara noan bakoitzean errepikatzen ditudan esaldi hauekin: "Yo pisaré las calles nuevamente de lo que fue Santiago ensangrentada y en una hermosa plaza liberada me detendré a llorar por los ausentes." ¡Viva el pueblo! / Gora Herria!".

Gogora dezagun Fermin Muguruzaren anaia gazteena,  Iñigo Muguruza, duela astebete, irailaren 5ean, hil zela 54 urte zituela, duela lau urte diagnostikatu zioten gaisotasun gogor baten ondorioz. Musikaria Fermin bezala, talde hauetako kide izan zen besteak beste: Kortatu, Delirium Tremens, Negu Gorriak, Joxe Ripiau, Lurra eta, azken urtean, Hiru Leike. Iñigo Muguruzari eginiko elkarrizketa.

Viña del Mar-Valparaisotik, bertako Euskal Etxeak adierazi dio EuskalKultura.eus-i bat egiten dutela Muguruza familiaren doluarekin hain maitea zeukaten kide honen galeraren aurrean eta eskerrak ematen dizkiotela Fermini bere betiko prestutasunagatik laguntzeko eta lankidetzarako. Gogoan Bego, Iñigo Muguruza.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia