euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Abendua, ekitaldi hilabetea euskal etxeetan, ENE, Xabier, Olentzero, Eguberri, Urte Zahar... (ikus hitzorduak)

2019/12/17

Olentzerok abendu hasieran bisitatu zuen Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxea
Olentzerok abendu hasieran bisitatu zuen Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxea

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Egizari zor, abendua hilabete berezia da oso munduko euskal etxeetan, elkarretaratze, bilkura eta festa bereziak egiten baitira ospagai jakinak medio, tartean Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE), San Frantzisko Xabier, Nafarroaren Eguna, urteko ikastaro eta ekitaldien amaiera, Eguberria, Olentzero, Erregeen edo Santaren etorrera, Urtearen Amaiera bera... Euskal etxe askotan, ospagai horietako bat baino gehiago bildu eta elkarrekin ospatzen dira. Honako artikuluan, gainbegirada bat festa giroan abenduak utzi dizkigun eta urtea bukatu arte utziko dizkigun hitzordu horietako batzuei..

Abenduaren 1a igandea suertatu zen eta egun horretan ospatu zuten hain zuzen Australiako Sydneyko Gure Txokon Euskararen Nazioarteko Eguna, baita, esaterako, Txileko Santiagon, 'Colectividad Vasca de Chile'ko lagunek ere, kasu honetan Pintxo Lehiaketa bat antolaturik; ospagai bera izan zuten Argentinako General Rodriguez-ko Eusko Aterpean, hemen Urteko Azkeneko Bazkariarekin batera; eta Brasilgo Sao Pauloko Eusko Alkartasuna-ko Gernika Kutun egoitzan, brasildarren kasuan, erakundearen 60. urteurrena ere ospatuta. Abenduaren 2an, Madrilgo Euskal Etxean, urteroko 'Nafarren Bazkaria' egin zuten San Frantzisko Xabier eta Nafarroako Eguna ospatzearren. Eta 3an, berriz, ENE bere data honetan ospatu zutenen artean, Argentinako Azulgo Gure Txokoa-koak eta La Platako Euzko Etxea eta UNLPko Euskara Irakurlegokoak aipa ditzakegu, baita, konparazio, Mexiko Hiriko Euskal Irakurletzako lagunak ere, hemen euskal literaturan oinarritutako Antzerki Rally baten finalarekin, Eider Rodriguez euskal idazlea partaide. Belgikan, Bruselako Euskal Etxean, berriz, Olentzero eta Mari Domingik bertara egindako bisita grabatu zuen ETBek, elkartearen egoitzan eta baita Bruselako kaleetan ere.

Abenduaren 6an, Patagoniako Viedma eta Carmen de Patagones-ko Aberri Etxekoek Urte Amaiera festa egin zuten, eta 7an, Saladilloko Itxaropen Euskal Etxearen egoitzan, ENEko programa barruan. omenaldia egin zitzaion herriko jatorri euskalduneko Raul de los Hoyos musikari famatuari; Chacabucoko Guillermo Larregui Euskal Etxekoek ENE ospatu eta Mus Txapelketa eratu zuten elkartearen 30. urteurrena ospatzearekin batera; eta Balears Uharteetako Palman, Artea Euskal Etxekoek Nafarroako Eguna ospatu zuten, Nafarroatik propio ekarritako Elizagoien ahizpa trikitijotzaileekin.

Biharamuna, 8a, igandea zen eta egun horretan egin zuten Boiseko (Idaho, AEB) gazteenek Borah High Schoolen euren Eguberri Festa, Txantxangorriak-eko musikariak eta euskal dantzariak partaide, segidan Euskal Etxean Eguberri eta Olentzero festa egiteko, musika, opariak eta giro ederra lagun. Kaliforniako San Frantziskon programak euskal meza, Eguberri antzezpena eta opari-ematea ere baitaratu zituen; eta Homedaleko Txoko Ona Euskal Etxean, Idahon, Olentzeroren etorrera eta haur eta familientzako festa egin zuten. Buenos Airesen, berriz, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuten Eusko Kultur Etxeko bazkide eta lagunek, errekia, kantuak, jokoak eta ia udako tenperatura altuak konpartituz. Abenduaren 13an, ostirala, Madrilgo Euskal Etxeko Athletic-eko Peñakoek Eguberri afarian batu ziren Kupela sagardotegian, eta Argentinako Tres Arroyos-en, herriko Hiru Erreka Euskal Etxekoek euren Urte Amaierako afaria gauzatu zuten, bukaera emanez elkarteak 20 urte bete dituen urte honetako ekitaldiei. Bartzelonako Euskal Etxeak, azkenik, Olentzeroren bisita jaso zuen, txikienei eskainitako festa eta elkarretaratze batekin.

Joan den asteburuan, abenduaren 14an, San Tomas eta Eguberri jaia egin zuten New Yorken bertako Eusko Etxekoek, Olentzeroren bisita eta guzti; Boston-en, New England Basque Club-eko lagunak Pintxopote batekin agurtu nahi izan dute urtea, kantua, pintxoak eta poteak partekatuta; Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak, Olentzero Pesta egin zuen, bertako kide eta lagun zendu berri Cristina Cordara gogoan oso; Belgikako Bruselan, festak Atahualpa Yupanquiren kantuak eta Jean-Louis Aisse euskal-belgikarra izan dute lagun; Pariseko Euskal Etxean, Euskal Etxeak Olentzeroren eta gaztetxoenentzako magia ikuskizun baten inguruan eta euskal produktuen azoka bat ere antolatuta deitu zituen lagunak; Londresko Euskal Elkartekoak Gabonetako Bazkaria egin dute haur eta familientzat, zuzeneko musika, dantzak eta giro alai ederra partaide; eta Madrilen, hiriko Olentzerok urteroko bisita egin dio Euskal Etxeari, opariak, zuzeneko musika, dantzak, kantua eta ilusio eta bozkarioa protagonista.

Abenduaren 15ean, igandea, Quebec-eko Montrealen, Euskal Etxeak harrera ekitaldia egin dio Olentzerori, eta hemen ere kantuak, opariak eta ikuskizuna gauzatu dira; Argentinako La Platan, Urte Amaiera Bazkaria egin dute, urteroko errekia prestatuz, lehiaketa moduan gainera, Euzko Etxeko kirol zelaian. Datorren ostegunean, abenduaren 19an, Madrilgo Euskal Etxeko Abesbatzak, hiriko San Ignazio elizan eskainiko du bere ohiko Eguberri Kontzertua. Eta 20an, ostirala, Buenos Airesko Euskaltzaleak euskaltegiak urteko azkeneko Topaketa egingo du, Binladens filma emenez eta pintxoak, musika eta euskara eta giro euskaltzalea partekatuz.

Abenduaren 21ean, larunbata, Mexiko Hiriko Euskal Etxeak harrera egingo dio Olentzerori, Amaia eta Leireren haurrentzako eskulan eta jokoekin, segidan hala nahi duten haurrak banan bana Olentzerorekin solastu eta opariak jasoz; eta Venezuelako Caracasen, ohiko Eguberri Bazkaria egingo dute, aurten gainera bereziki gogoan hartuz eta omenaldia eginez bertarako erbestearen 80. urteurrenari eta Eusko Etxea sortu zuen belaunaldi horretako kideei. Madrilen, abenduaren 21ean, larunbata, San Tomas txistorrada egingo dute Euskal Etxean, doaniko txistorra eskainiz inguratzen diten bazkide eta lagunei; eta Boisen, sasoi honi dagokion Sheephers Ball dantzaldi eta festa ekitaldi ospetsua izango da Euskal Etxean, biltzen den dirua beharrean dauden hiriko norbanako edo familientzat, elkartasunezko ekimenez.

Abenduaren 22an, igandea, Eguberri Festa egingo du Kalifornian Chinoko Euskal Etxeak; eta Madrilen, Madrilgo Euskal Etxeko Abesbatzak kantatuko du meza berezian. 25ean, Eguberri Meza Chinon, eta ondoren euskal hamaiketako eta festa Centro Basco euskal jatetxean. Abenduaren 31ean, Urtea Agurtu eta 2020ari ongi etorria emateko afari eta elkarretaratzea San Frantziskoko Gure Euskal Etxean, Basque Cultural Center-en; eta baita ere Salt Lake Cityn, Utah Basque Club-eko lagun eta familia kideak elkarturik.

(hauek abenduko elkarretaratze eta hitzordu ugarietako batzuk baino ez dira, lagina, gainbegirada esanguratsua eskaintzeko asmoz hona bilduak. Zeure euskal etxe edo komunitatekorik ikusten ez baduzu, idatzi informazioa pasatuz, info@euskalkultura.com helbidera)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia