euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Azaroa arte egingo diren ekitaldiekin ospatuko da Liman Arantzazuko Amaren Kofradiaren 400. urteurrena

2012/09/06

Limako San Frantzisko komentua: bertan sortu zen 1612an Arantzazuko Amaren Kofradia. 105 bazkidek sinatu zuten sorrera akta eta elkartearen oinarriak Igande honetan hasita, datozen hileetan zehar hainbat ekitaldi egingo dira Perun Arantzazuko Amaren Kofradiaren sorreraren 400. urteurrenaren karira. Adituen esanetan, Ameriketako euskal elkarterik zaharrena da kofradia, eta ia 150 urte hilik egon ondoren, aurten berpiztu egin du euskal-perutar historialari eta euskaltzale talde batek. Egingo diren jardueren artean azpimarragarria da elkarteari buruzko liburu baten argitalpena eta azaroan Liman egingo den mintzaldia.

Gehiago irakurri...


"Euskal Herria, eta orain zer" gaia aztertuko dute gaurtik aurrera Bartzelonako Euskal Etxean

2012/09/06

Gaur arratsaldeko zortzietan hasiko da Bartzelonan bertako Euskal Etxeak 'Euskal Herria, eta orain zer" izenpean antolatutako lau hitzorduetako lehena Joseba Egibar (EAJ) eta Pernando Barreba (Ezker Abertzalea) partaide izango dituen mahai-inguru batek abiatuko du gaur arratsaldez Bartzelonako Euskal Etxean "Euskal Herria, eta orain zer" izenpean planteatu duten gogoeta-ariketa, Euskal Herritik etorritako zenbait politikari eta kazetariren eskutik. Orain artean EAJko eta Ezker Abertzaleko eta Amaiur-EH Bilduko ordezkariek baieztatu dute bertaratuko direla, baita ikusmolde diferentetako kazetariek ere eta antolatzaileak PSE eta PPko ordezkarien berrien zain daude. Zikloak lau saio izango ditu irailean zehar, guztiak arratsaldeko zortzietan, gaur bertan lehena Euskal Etxearen egoitzan.

Gehiago irakurri...


Kulunka Teatrok "André & Dorine" antzezlana aurkeztuko du bihar Los Angelesen; 13tik aurrera, New Yorken

2012/09/06

Kulunka Teatroko aktoreak, pertsonaien maskarak soinean, Los Angeleserako bidean (argazkia Kulunka Teatro) Kulunka Teatro talde gipuzkoarra AEBetan da azken asteetan eta arrakastatsu aurkeztu du "André & Dorine" lana Baltimoren eta Alburquerquen. Bihar konpainiak Los Angelesen hasiko ditu emanaldiak (irailaren 7, 8 y 9an) eta hilaren 13tik aurrera beste lau antzezpen eskainiko ditu New Yorken. Alzheimerrari buruzkoa, "André & Dorine" maskarekin antzezten dute lana hiru aktorek, hitzik gabe. Gaia gogorra izanik ere, sentsibilitate eta umorez gainezka aurkezten du taldeak, eta harrera oso ona izan du munduan zehar. Garbiñe Insausti aktoreakin hitz egin du EuskalKultura.com-ek, Los Angeleserako bidean.

Gehiago irakurri...


Ameriketan ibili ziren euskal artzainek Iruñean egingo dute urteroko festa, irailaren 15ean

2012/09/05

Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak festaren afitxa aurkeztu du jada Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak datorren irailaren 15ean ospatuko du artzain 'amerikanoen' urteroko jaia. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta, ohi bezala, hegoaldeko zein iparraldeko artzainak bilduko ditu. Aurtengo bilkura Iruñean egingo da eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeako Udalak ere parte hartuko dute ekitaldietan. Hitzordua heldu bitartean, elkarteak argazki erakusketa antolatu du Condestable Jauregian, artzainek emandako irudi eta oroigarriekin.

Gehiago irakurri...


Mahaia genero bortizkeriaz eta kataluniar 'trobada', Chascomusko euskal etxekoen irailerako prebisio

2012/09/05

Chascomuseko gizataldeen bilera herriko Gobbi alkatearekin. Erdian, jantzi argiz eta hitza duela Pedro Mauregui Larrada Euskal Etxeko lehendakaria (argazkiaEE) Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxea izango da datorren asteko ostegunean Buenos Aires probintziako herri honetako Genero Bortizkeriari buruzko Mahaiaren egoitza; eta egun bat beranduago euskal etxeko kideak La Platan izango dira, 'XII. Trobada Cultural de Casales de Catalunya' delako elkarretaratze katalanetan antolatzaileen gonbidatu gisa. Zingirako Euskaldunak-en honen eta hilabete osoko hitzordu eta aurreikuspenen berri eman du aditzera helarazi digun ohar batean.

Gehiago irakurri...


Zozketako irabazleak: Chubut-eko María Morrás; Cordobako Gabriela Gaydoy; eta Eusko Sustraiak EEa

2012/09/05

'Euskera para dummies' liburuaren hiru ale berrik Argentinarako bidea hartuko dute: bik Patagonia aldera eta beste batek Cordoba hirira. EuskalKultura.com-ek zozketatzen zituen 'Euskera para dummies' liburuaren hiru aleek badituzte irabazleak. Aleak Argentinara doaz. Lehenengo irabazlea, María Morrás Arenas harpideduna da, Chubut probintzia patagoniarreko El Hoyo-koa; bigarrena, bere lagun Gabriela Gaydou, Cordoba hiriburuan bizi dena; eta hirugarren alea, Chubut-Patagoniako El Hoyo-ra doa, bertan baitu egoitza postala 'Eusko Sustraiak' Euskal-Argentinar Elkartearen Liburutegiak. Bejondeizuela irabazleei; eta gainerakoei, lasai, egun gutxi barru zabalduko baitugu zozketa berri bat.

Gehiago irakurri...


Atzo hasi zen Lazkaon Gaztemundu 2012, Kolonbia, Argentina, AEB eta Uruguaiko euskara irakasleak partaide

2012/09/05

Atzoko bisita eta ongi-etorriko irudia, Julian Celaya Gaztemunduko partaideei mintzo (argazkia Irekia) Atzo ekin zitzaion Gipuzkoako Lazkaon, bertako Maizpide barnetegian, urtero Jaurlaritzak euskal etxeetako gazteentzat antolatu ohi duen Gaztemundu programari, 2012ko edizio honetan euskara ikasleei zuzendua, iragan azaroko Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrak egindako gomendioei jarraiki. EuskalKultura.com-ek bere momentuan adierazi bezala, partaideak 15 dira, Argentina, Estatu Batuak, Kolonbia eta Uruguaitik etorriak, gehi azken orduko partaide argentinar bat gehiago.

Gehiago irakurri...


La Platako Unibertsitateak abendura arte luzatuko den euskal kulturari buruzko mintegia abiatu zuen atzo

2012/09/04

Idurre Lekuona irakaslea, UNLPko Euskara eta Euskal Kultura irakurlea, izango da mintegiko bi irakasleetako bat (argazkia UNLP) La Platako Unibertsitate Nazionalak (UNPL) Euskal Historia, Kultura eta Hizkuntza Mintegia abiatu zuen atzo, Etxepare Euskal Institutua laguntzaile. Klaseak astean behin --astelehenero-- izango dira eta ikastaroa abenduaren 17a arte luzatuko da. Irakasleak Cesar Arrondo historialaria eta Idurre Lekuona UNPLko euskara irakurlea dira. Lekuonak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, mintegian Euskal Herriko kultura eta historia jorratuko dituzte batez ere, eta euskaren ikuspegi orokorra emango dute. Mintegia doakoa da.

Gehiago irakurri...


Azken orduak dituzu 'Euskera para dummies' liburuaren zozketan parte hartzeko: ez galdu aukera!

2012/09/04

Maitena Mugica (eskuinean) eta bere lagun Cecilia Lejarreta, Buenos Aires probintzia argentinarreko Tandilgoak biak, jaso zituzten uztaileko zozketako 'Euskera para dummies'en bi aleak (argazkia EuskalKultura.com) Gaur gaueko hamabietan, ordu kontinental europarrean, bukatuko da epea EuskalKultura.com egiten ari den 'Euskera para dummies' liburuaren zozketan parte hartzeko. Hiru dira zozketatuko diren aleak: bat parte hartzen duen harpidedunarentzat, bestea honek harpidetu duen lagunarentzat, eta hirugarrena, saridunak hautatutako euskal etxe, liburutegi edo euskara irakaslearentzat. Garaiz zaude, eta seguru liburua gustatuko zaizula, zuretzat edo lagunen bati oparitzeko!

Gehiago irakurri...


Diasporak zuzenean eta internetez segitu ahal izango du larunbatean Hazparneko Mendiague pastorala

2012/09/04

'José Mendiague' pastoralaren Arrokiagako bi emanaldiek jendetza polita bildu zuten Xiberoko herri honetara uztail hondar eta agorril hastapenean (argazkia Gaizka Iroz-Naiz.info) Arrokiaga Herri zuberotarrak 'José Mendiague' pastoralaren hirugarren eta azken emanaldi bat taularatuko du datorren larunbatean, Hazparnen, Zuberoatik kanpo, beraz, Mendiague hazi zen herri lapurtarrean. Euskal Herrian direnek izango dute bertara biltzeko aukera. Diasporari lotua den obra denez, ordea, antolatzaileek ahalegin berezia egin dute Diasporara ere hel dadin, eta asteburuko emanaldiaren irudiak eman eta internetez zabalduko dira, mundu osotik ikus ahal izan ditzaten, larunbat arratsaldetik hasi eta baita igandean ere. Honekin, erraztasuna eman nahi izan dute, euskal etxeetako euskara ikasleek eta talde euskaltzaleek taldeka bildu eta Mendiague eta pastoralaren inguruan bildu ahal izan ditezen, solasa ere sortuz gai hauei buruz.

Gehiago irakurri...


© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia