euskal diaspora eta kultura

2013/01/24
Azkue Fundazioak sortu duen EuskalPlay webguneak euskaraz jolasteko eta aldi berean euskara ikasteko aukera ematen du. Orriak bederatzi joko eskaintzen ditu, eta bakoitzak euskararen inguruko eduki bat lantzen du: euskalki ezberdinetako hitzak ikasi, sinonimoak bilatu, euskarazko hitzen jatorriari buruz ikertu, esaerak landu, euskalkien historia ezagutu edo gai ezberdinei buruzko hiztegia landu…
2013/01/23
Oscar Alvarez Gila historialari eta Diasporan adituak hitzaldia eman zuen iragan urtarrilaren 17an Nafarroako Unibertsitatean. Gaia Ameriketarako euskal emigrazioa eta mugimendu horren inguruan egin zen legedia izan zen. Hitzaldia Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak antolatu zuen. Aurten 50. urteurrena egiten du Katedrak eta hainbat ekitaldi ari da prestatzen urteurrena ospatzeko, Mari Mar Larraza zuzendariak EuskalKultura.com-i azaldu dionez.
2013/01/23
Urtarrilaren 19an hasi da Argentinako San Nicolas herrian, HABE Institutuak bultzaturik, irakasleak trebatzeko Euskara Munduan programaren edizio berria. FEVA eta bertako euskal etxea antolatzaile, ikastaro trinko hau datorren larunbatera arte luzatuko da eta partaide askorentzat euren euskararekiko lehenengo kontaktua ari da izaten. Taldeak lau herrialdetako hogeita zazpi ikasle biltzen ditu, tartean argentinarrak, uruguaitarrak, brasildarrak eta txiletarrak. Eta beste batzuk aurretik 2004 eta 2008 urteetan egin bezala, hauek ere ‘erremoto’ urruneko ikastaroarekin trebatuko dira. Izan ere, martxoaren 4an abiatuko da lan-unitateen bidalketa. Ikas prozesua, urteko bi ikastaro trinkorekin osatuko da, neguko eta udako barnetegiekin hain zuzen.
2013/01/22
Eusko Jaurlaritzak gaur goizeko Gobernu Kontseiluan lau euskal etxe berri onartu ditu eta erregistro ofizialean sartuko ditu. Elkarteak hauek dira: "Asociación Gastronómica Vasca Goierri", La Platan (Argentina), "Gerora - Asociación Civil Cultural Vasca de Córdoba", Cordoban (Argentina), "Centro Vasco Etorritakoengatik", Puerto Madrynen, Chubuten (Argentina) eta "Zaragozako Euskal Etxea - Casa Vasca de Zaragoza", Zaragozan (Espainia).
2013/01/22
EuskalKultura.com-ek aurrera darrai zozketa berriarekin, non aparteko sari bat eskura dezakezun: Canon PowertShot SX120 IS modeloko argazki kamera! Horretarako, euskal kulturari loturiko argazkiak bidali beharko dizkiguzu: dantza ikuskizunak, Danborrada, Inauteriak, pintxo-afariak... Eta argazkiak ateratzeko kamerarik ez baduzu, deskriba iezaguzu 10-30 lerrotan zure euskal etxeko jarduera edo ekitaldiren bat eta euskal etxe edo elkarte horren parte izateak zuretzako zer esan nahi duen.
2013/01/22
Amaitu da, ixildu dira danborrak Donostian eta Azpeitian, 24 orduko zoramenaren ostean. Euriak eta haizeak ezin izan zuten San Sebastian eguneko jai handia zapuztu, eta Euskal Herritik nazioartera zabaldu zen danborren hotsa, munduko euskal etxeetan izan zuen oihartzunari esker. Argentinan, Arrecifeseko Euskal Etxeak aurrenekoz ospatu zuen jaia, Mexikon DFko Euskal Etxeko danborrariek hainbat urteko eskarmentua erakutsi zuten eta Madrilen Txikien Danborradak txalo zaparrada eskuratu zuen. Jarraian, jai horietako zenbait argazki eta bideo.
2013/01/22
Antzinako genealogia elkarte euskaldunak Euskal Herriko baserri eta oinetxeen argazki datu base zabal bat jarri du sarean, Panoramio izeneko webgunearen bitartez. Ekimen honi esker Diasporako euskaldun askok bertan aurkitu ahalko dute euren arbasoen jatorrizko etxea, eta hainbat kasutan, baita etxeari eta leinuari buruzko informazio historikoa ere. Egunero aberasten ari den baliabidea da. Saia zaitez zeurea topatzen edo zeureaz daukazun informazioa konpartitzen.
2013/01/18
Xiberoko kulturgile eta gazte talde bat aurtengo pastorala ari da prestatzen jada, martxoan Gotainen aurkezteko asmoz. Bihar bertan Mustraka egingo dute Urdiñarben, aktoreak eta gaia aurkezteko. Ikuskizunak Euskal Herriko tzigano edo ijitoen historia azalduko du, eta 14 kantari gaztek antzeztuko dute. Hain zuzen ere, gazteen parte hartzea sustatzeaz eta pastoralaren moldeak berritzeaz mintzatu zaigu pastoralaren idazle den Mixel Etxekopar: "Gauza berriak egiten direnean gazteak saiatzen dira Xiberora itzultzen eta parte hartzen. Beti buruan dugun galdera da: zer da transmisioa? Zer ukitzen ahal dugu eta zer ez?".
2013/01/18
Buenos Aires probintzia argentinarreko Pergamino hirian, bertako Lagun Onak Euskal Etxeko Batzar Nagusiak urteroko ohiko bilkura egin du eta, besteak beste, araudiaren araberako Zuzendaritza Batzordea berritzeko bozka egin du, ondorioz berrautatua izan delarik elkarteko lehendakari gisa Julio Martin de Sautu, berarekin batzordekide izango direla Alicia Ruiz Moreno, lehendakariorde; Martha G. Arrillaga, idazkari; Daniela Albarracín, idazkariorde; María Delia Larrauri, diruzain; eta Rodolfo de la Vega, diruzainorde.
2013/01/18
Ameriketarako euskal emigrazioa izango du ardatz gaur bertan Nafarroako Unibertsitatean hasiko den hitzaldi zikloak, Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrak antolatuta. Oscar Alvarez Gila histolariak inauguratuko du aurreneko saioa, 'El marco jurídico de la emigración ultramarina: repensando las migraciones vascas' hitzaldiarekin. Katedrak 50. urteurrena beteko du aurten eta ikasturtean zehar jarduera bereziak egingo ditu mende erdia ospatzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus