euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

93 urteko Micaela Mutuberria baztandarra ohoratuko dute Tandilen Gure Etxearen 73. urteurreneko programapean

2022/11/23

Zenbait ekitaldi iragarri ditu Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak asteburuan zehar erakundearen 73. urteurrena ospatzeko
Zenbait ekitaldi iragarri ditu Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak asteburuan zehar erakundearen 73. urteurrena ospatzeko

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Datorren asteburua bizia izango da Tandilgo Gure Etxea-ko bazkideentzat. Ostiralean bertan, azaroaren 25ean, hasiko dira ekitaldiak, "Santos 'Cuqui' Conforti" Mus Txapelketarekin, Euskal Etxearen 73. urteurrena ospatzeko programaren baitan. Bere izena jarrita omenaldia egiten zaio dantzari, batzordeko kide eta muslari izan zen Euskal Etxeko kide eta lagun handiari. Igande eguerdian, 27an, adiskidetasun errekia izango da, musika zuzenean, euskal dantzak eta omenaldi gehiagorekin.

Mus Txapelketak bazkideak eta gonbidatutak izan ohi ditu partaide nagusi, baina ondoko herrietako jokalariak ere espero dituzte. “Rauch, Ayacucho, Laprida eta hurbileko beste euskal etxe batzuetako kideek ere parte hartu ohi dute, eta honetan ere hala espero dugu gertatzea” azaldu dio EuskalKultura.eus-i Graciela Confalonierik. EEko batzordekide da bera, eta baita maiatzean hasitako mus tailerra zuzentzen duen pertsona ere. Bi gizon eta zortzi emakume bildu ditu partaide eta ostiralean lehiatzeko irrikitan daude. Kantina zerbitzua ere egongo da, pintxoak, tortilak eta txorizoa sagardo erara eskainiko dituzte.

'Micaela Mutuberria' Aretoa

Igandean, senidetasun bazkariaren aurretik, omenaldia egingo diote duela 93 urte Baztanen jaiotako Micaela Mutuberria bazkideari eta elkarteko abesbatzak entseguak egiten dituen musika gelari haren izena paratuko diote, "Micaela musikazale amorratua baita". Eta musika da, izan ere, ospakizunean faltako ez dena, txistuaren, trikitixa eta akordeoiaren, panderoaren eta txalapartaren soinua lagun.

Bazkalorduan Euskal Etxeko lau dantza taldeak jendaurretuko dira. Umeen taldea, Mariana Juez eta Valentina Britosen eskutik, talde nagusia, gazteek osatua, Sara Ubietak zuzendua, eta dantzari ohiena, eta pertsona helduen talde berri bat, biak Carlos González zuzendari. Gainera, aginte-makilaren eskualdatzeko errituala izango da. Gaur egungo elkarteko alkatea den Txiki Gamboak makila eskuratuko dio ondorengoari, ekitaldia egin arte nor den isilpean gordeko den horri.

Zorionak Gure Etxea!

Tandilgo Gure Etxearekin harremanetan jartzeko, hona hemen datuak:
-Emaila: gureetxeatandil@gmail.com
-Tel: 2494-243723, arratsaldeko 3etatik 8etara
-Facebook: Gure Etxea Tandil
-IG:  gureetxeatandil

-Hona Marcelino Iriani-ren Tandilgo Euskal Etxeari buruzko liburua Eusko Jaurlaritzaren Urazandi bilduman



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia