euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

2020ko Aberri Eguna: Caracaseko EEak ‘on line’ ospatzera gonbidatzen du; FEVAk eta FIVUk banderak balkoietan

2020/04/09

Egun Caracaseko lehendakari den Ibane Azpiritxaga bere arrebarekin aurreskua dantzatzen Aberri Egunaren aurreko edizio batean
Egun Caracaseko lehendakari den Ibane Azpiritxaga bere arrebarekin aurreskua dantzatzen Aberri Egunaren aurreko edizio batean

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián. Koronabirusari edo itxialdiari buruz, zaharrak berri… Euskal Herrian eta nazioartean oro har ia herrialde guztietan zorrotz ari dira betetzen berrogeialdia eta ondorioz, azken bolada honetan bertan behera utzi behar izan dira bilerak, jaiak, topaketak… Horrek ez du ezinbestean esan nahi euskal gizataldeak geldirik daudenik; are gutxiago euskal etxe askorentzat urteko egutegian gorriz markatutakoa den Aberri Egunari begira, are gutxiago, esaterako, Caracasko Eusko Etxean, konparazio, aurten 70 urte betetzen baitira bere instalazioak estreinatu zirenetik 1950an, Agirre lehendakaria ere partaide zela.

Datorren igandean, apirilaren 12an, Pazko Igandez, era ezberdin batean ospatuko da Euskal Herrian zein Diasporan Aberri Eguna. Venezuelako hiriburuan, Caracasko Eusko Etxeak ‘bilera birtuala’ egingo du streaming bidez, Instagram-en @centrovasco kontuan (zuzenean transmitituko dute), goizeko 10:45etan (Venezuelako ordutegian, 16:45ak Euskal Herrian). Programa hasteko, meza eskainiko dute, ondoren Venezuela eta Euskadiko ereserkiak abestu eta bi banderak igoko dira mastetara eta dantzariek ohorezko aurreskua dantzatuko dute.

Eusko Etxeko lehendakari Ibane Azpiritxagak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, “hori eta gero gure arteko interakzioa hasiko da eta nahi duenak hartu ahal izango du parte. Argazkiak eta bideoak ere bidali ahal izango dizkigute sare sozialetan jartzeko. Horrela bakoitza bere etxetik baina elkarrekin ospatu ahal izango dugu. Eta Venezuelan dauden euskal venezuelarrak ez ezik, Euskal Herrian edo atzerrian idaudenak ere gonbidatu nahi ditugu etxeko ‘berotasuna’ senti dezaten”, azaldu digu.

Astean zehar, gainera, errezetak, musika gomendioak eta lehiaketa bat ere jarriko dituzte sareetan. Noreberaren bakoi edo lehioan ikurrinak zabaltzeko deia ere egin du euskal etxe venezuelarrak.

AEB, Argentina, Brasil, Uruguai, Peru, Mexiko...

Beste euskal etxe batzuek atsekabe handiz helarazi digute euren saio eta ospakizunak bertan behera utzi behar izanaren berri, hala nola New Yorkeko Eusko Etxeak. Bere 107 urteekin Estatu Batuetako euskal etxerik zaharrena denak urteroko festa edo ekitaldi nagusitzat dauka Aberri Eguna eta oraingoz dataz aldatzea erabaki dute, egoeraren eboluzioak bestelako erabakirik hartzea uzten duen arte behintzat.

Argentinatik, FEVA euskal argentinar erakundeen federazioak Euskal Herrian batzuk proposatu duten ospakizun bateratuan parte hartzera deitzen du eta elkarte eta kideak gonbidatu ditu ikurrina eta Argentinako bandera etxeetako balkoietan zabaltzera. Brasil eta Uruguairi dagokienez, FIVUtik eta Sao Pauloko Eusko Alkartasunetik jakinarazi digute beraiek ere egingo dutela bat Euskal Herriko deialdiekin.  

Limako Euskal Etxeak eta Mexiko hiriko Euskal Etxeak sare sozialetan adieraziko dute Aberri Egunaren aldeko mezua. Mexikon (ikus arikulu bereizia) hasiak dira jadanik eta elkarteko lagunek hainbat argazki bidali dituzte jadanik #gu etxean geratzen gara hashtag-ekin.

Zeure euskal etxean ere Aberri Eguna gisa batez edo bestez antolatzeko xedea baduzue eta xehetasunak bidali nahi badizkiguzu, beherago dagoen 'komentarioa gehitu' dioen lekuan klik eginez egin dezakezu, esker mila.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia