euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Nola aritu euskaraz muga dutenekin (en Berria)

26/10/2019

Euskaraz mintzatu eta ulertzeko gaitasun mugatua dutenen eta ongi dakitenen artean euskaraz aritzeko eredu bat landu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHUk. Horrelakoetan erdaraz aritu ohi dira euskaldunak, eta hori irauli nahi dute. Datu soziolinguistikoak aztertuta, funtsezko eginkizuna da.

Enlace: Berria

Garikoitz Goikoetxea. Erdararako inertzia haustea du helburu nagusia Euskaraldiak: dakitenek euskaraz egitea. Zailtasun handienetako bat euskaldun hartzaileekin izan ohi da, euskara ulertu bai baina hitz egiteko zailtasunak dituztenekin. Zabaldua dago horrelako egoeretan erdaraz jardutea. Euskaraz nola aritu, metodologia bat prestatu dute Soziolinguistika Klusterrak eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateak: Ulerrizketa. Helburua da euskarazko solasaldiak izatea euskaldunen eta euskaldun hartzaileen artean, betiere elkar ulertzea bermaturik dela.

Aldahitz egitasmoaren barruko metodologia da Ulerrizketa. Hizkuntza ohituretan eragiteko proposamenak egin dituzte Aldahitzen: oinarri teorikoa jarri, eta probak egin. Besteak beste, horren jiran osatu zen Euskaraldiaren oinarria, Lasarte-Orian (Gipuzkoa), ahobizi eta belarriprest rolekin.

Ulerrizketa metodologian, euskaldunen eta ia euskaldunen arteko harremanak hartu dituzte aztergai. «Euskararen premia soziolinguistiko larri bati erantzuten dio, eta, beraz, badu izaera estrategikoa», azaldu du Pablo Suberbiola Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak. Hark bideratu du metodologia, Pello Jauregi EHUko irakaslearekin batera. Ikerketa soziolinguistikoak aztertuz gero, bistakoa da eragin beharreko arloetako bat dela ia euskaldunena, hitz egiteko mugak dituztenena. Azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, herritarren %16 dira soslai horretakoak, 434.000 lagun. Kontuan izatekoa da, gainera, euskaldunen %45ek erraztasun handiagoa dutela erdaraz aritzeko; beste 334.000 herritar dira.

Euskararen erabilera areagotzeari begira, beraz, garrantzizko arloa da. «Elebidunen eta elebidun hartzaileen arteko hizkuntza harremana ez da kontu txikia. Nola irits daitezke elebidun hartzaileak egun batean elebidun orekatu izatera, baldin eguneroko bizitzan elebidunek ez badiete inoiz euskaraz egiten?». Suberbiolak ohartarazi du hurrengo urteetan areagotu egingo dela egoera hori. «EAEn behintzat, urteekin erdal elebakarrek behera egingo dute, eta elebidun hartzaileek, gora». Baina, aldaketarik ezean, ez luke euskararen erabileran egiturazko igoera eragingo. «Egun, ohituraz, inertziaz eta joeraz erdara da hizkuntza nagusia elebidunen eta elebidun hartzaileen arteko harremanetan». Hori aldatzea da Ulerrizketaren nahia. «Ez da erraza, baina egin liteke».

Bi pertsonaren arteko solasaldiak oinarri hartuta landu dute Ulerrizketa metodologia: bat euskaldun gaitua da, eroso hitz egiteko gaitasuna daukana —C1 maila izango luke erreferentzia, EGA tituluarena—; besteak ez luke euskaraz egiteko erraztasunik, baina euskaraz ulertzeko gaitasun gutxieneko bat luke —B1 maila ulermenean—. Horrek esan nahi du planteamenduan erabat bateragarriak direla elkarrizketa elebidunak: mintzatzaileak, euskaraz egiteko gaitasuna duenak, euskaraz egingo luke; ulertzaileak erdaraz zein euskaraz egin ahalko du, baina ulertzeko ahalegin aktiboa egin beharko du, beste kideak ongi ulertu duela jakiteko gisan.

Ulerrizketa metodologia esparru naturaletan ezarri nahi dute: eguneroko solasaldietan, euskaraz badakiena eta gaitasun mugatua daukana elkarrekin daudenean, euskaraz nola aritu. Ohiko solasaldiak, egunerokoak aldatu nahi dituzte. «Lantokian, familian, lagunartean... Solaskideak ez dira aldatzen, ezta funtzionamendu errutinak eta komunikazio gaiak ere. Mintzatzailearen eta ulertzailearen arteko hizkuntza jokaera da aldatzen den bakarra».

Aldaketak nola egin, lau ardatz zehaztu dituzte metodologian. Hona ardatzen nondik norakoak:

ELE BIKO ELKARRIZKETAK

Nola eutsi euskarari

Mintzatzailea euskaraz; ulertzailea, erdaraz. Ele biko elkarrizketak egitea da Ulerrizketa metodologian jasotako aukeretako bat. Mintzatzaileak rol aktiboa hartu behar du kasu horretan: «Nagusiki euskaraz jarduteko eskatzen zaio. Ez beti, baina bai nagusiki». Ulertzaileak erdaraz erantzunda ere, euskaraz segitzea. Izatez, ildo hori sustatzen saiatu ziren Euskaraldian ere, ahobiziek konpromisoa zutelako ulertzen zuten guztiekin euskaraz egiteko, nahiz eta solaskideak erdaraz erantzun. Ez da erraza. Euskaraldiko partaideekin egindako ikerketak agerian utzi du hori: ele biko solasaldiek ez dute errotzerik lortu, euskaldunek ez zioten luze eutsi euskarari.

Bide batzuk landu dituzte Ulerrizketa metodologian. Batetik, mintzatzaileei bi argudio ematea: erantzukizunarena —«nire esku dago euskaraz egitea»— eta emaitzarena —«gaurko lana, biharko emaitza»—. Bestetik, noizbehinka erdarara jotzeko aukera ematea: «Mintzatzaileak uste duenean euskarari eusteak neurriz kanpoko ahalegina eskatuko duela, badauka erdara erabiltzea, larrialdietarako irtenbide gisa». Erdarara jo ahalko du, esate baterako, beste solaskide batzuk tartean sartzean edo «garai beroetan» —eztabaidak sortzean, adibidez—.

Horietatik kanpo mintzatzaileak nagusiki euskaraz egiten badu, ulertzaileari askatasuna emanez nola hitz egin, horrek zabal dezake euskaraz hasteko atea, Suberbiolak dioenez: «Mintzatzaileak euskara ulergarria egiten badio eta ulertzaileak askatasuna baldin badu, azken horri presio asko kentzen dio, eta harremana euskaraz egiteko egoera desblokeatu».

HIZKERA EGOKITUA

Ulergarria eta erraza

Kontuan hartuta ulertzaileek gaitasun mugatua dutela euskaraz, bigarren ardatza da hizkera egokitzea: hizkuntza ulergarria erabiltzea, eta ahalik eta errazena. Nola egin, bide bat baino gehiago dago: polikiago hitz egitea —baina ez mantsoegi—, argiago ahoskatzea, hitz errazagoak erabiltzea, esaldi laburragoak egitea... Finean, Suberbiolak azaldu du bi hizlarien arteko «sintonizazioa» lortu behar dela: «Bataren hitz egiteko era eta bestearen ulertzeko gaitasuna elkartu behar dira».

ULERMENA EGIAZTATU

Konfiantza sendotzeko

Gaitasun desberdineko hiztunak izanik, euskarazko komunikazioa erosoa izan dadin, ezinbestekoa da konfiantza lortzea. Horretarako, «jokabide egiaztatzailea» eduki behar da hasieran: alegia, ulertzaileak benetan ulertzea mezua, eta mintzatzaileak ziur jakitea hori, benetan ari zaiola entenditzen. «Estrategia ona da tarteka ziurtatzea elkarri ongi ulertzen ari ote zaizkion. Ongi ari badira, komunikazioak aurrera jarrai dezake sendotasunez, jarduleek elkarrekiko konfiantza bildu dutelako. Gaizki ari direla konturatuz gero, aukera dute komunikazio arazoak konpontzeko, eta berriro hariari ziurtasunez heltzeko».

Nola egiaztatu, ordea? Suberbiolak aitortu du lekuz kanpokotzat jotzen dela jarrera hori. «Iruditzen zaigu bestearen intimitatea bortxatzea dela ea ulertu duen edo zer ulertu duen galdetzea». Metodologian aukera bat baino gehiago aipatu dituzte ulermena kontrolatzeko. Batetik, ulertzaileak berak egin dezake: mintzatzailearen mezua errepikatu, benetan ulertu duela baieztatzeko; bestetik, mintzatzaileak ere egin dezake, tarteka isiluneak eginez, edo ulertzailea ere isilik geratzen bada galderak eginez. Nekagarria izan daiteke hala aritzea, eta denbora galtzearen sentsazioa ere bai. «Baina, prozesuaren hasieran, komunikazioa oraindik arrotz, ahul eta ziurtatu gabea denean, ez dago estrategia hoberik jarduleen arteko konfiantza eraikitzeko».

HIZKERA MALGUA

Arazoak sortzen direnean

Estrategia horiek guztiak aintzat hartuta ere, bistakoa da saihetsezina dela hutsuneak eta ulertu ezinak sortzea. «Noiz edo noiz agertuko dira, eta haiek gainditzeko estrategiaren bat prest eduki behar da», dio Soziolinguistika Klusterreko teknikariak. Malgutasuna jo dute giltzarritzat: mezua beste era batera esatea. «Hamaika modu dauzkagu ideiak modu ezberdinean adierazteko». Hain justu ere, hori da erdarara jotzeko arriskua duen beste momentu bat: solaskidea ez denean ulertzen ari. Hori saihestu nahi dute Ulerrizketan. «Erdara erabiltzea salbuespentzat hartu beharko genuke». Denborak behartzean edo tentsioa sortzean. Finean, mezuaren malgutasunak berak ere ekarriko du erdarara ez jotzea. «Pentsatu behar da zer ulertarazi behar den nahitaez, eta zer utz daitekeen bazterrean».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia