euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Araitz Claramunt, Helsinkin den iruindarra: «Herri bateko lasaitasuna eta hiriburu bateko eskaintza du» (en Berria)

15/04/2020

Claramunt euskarako irakurlea da Helsinkiko Unibertsitatean. Iruindarraren arabera, oso ikasle onak dira finlandiarrak, eta euskararekiko gero eta interes handiagoa dagoela adierazi du.

Enlace: Berria

Iñigo Satrustegi. Araitz Claramunt (Iruñea, 1996) Etxepare Euskal Institutuak eskaintzen dituen irakurletza programetako batekin abiatu zen Finlandiara, Helsinkira hain zuzen, orain dela urtebete pasatxo. Hango unibertsitatean ari da euskarari eta euskal kulturari buruzko ikasgaiak ematen, baita mintza praktiketako ikasgaia ere.

Nolatan aukeratu zenuen Helsinki?

Besterik gabe, suertatu zen aukera bat izan zen. Karrera bukatu berri neukan, eta bigarren gradu bat egitekotan nintzen, eta hori pagatzeko lan bila nenbilen. Halako batean, amak Facebooken ikusi zuen Helsinkira joateko aukera zegoela, eta izena eman nuen.

Zein da euskara ikasten duten ikasleen soslaia?

Oso desberdina da bakoitzaren profila eta motibazioa. Batzuk bikote edo lagun euskaldunak dituztelako ari dira ikasten. Beste batzuk, berriz, hizkuntzalaritzako ikasleak dira. Ikasketa horietan, euskarak atentzioa ematen die, beti izaten delako salbuespena, eta hori da beste motibaziotako bat. Oso ikasle onak dira, eta gustura nabil euskara irakasten, egia esan.

Hizkuntza bakarrik irakasten duzu?

Iaz, iritsi nintzenean, euskal hizkuntza ikasgaia baino ez zegoen. Baina, ikusita interesa zutela euskal kulturarekiko, Etxepare institutuarekin hitz egin nuen, eta beste bi ikasgai sartu genituen programazioan: Euskal kultura eta mintza praktikak. Edukiak hobeto banatzeko eta landu beharrekoak hobeto prestatzeko balio izan dit, egia esan. Euskal hizkuntzako ikasgaian gehiago zentratzen gara gramatikan eta lexikoan. Kulturan, berriz, folklorea, soziolinguistika eta egoera politikoa lantzen ditugu. Horren ondorioz, ikasle kopuruak gora egin du.

Eta zu, animatu al zara finlandierarekin?

Hasi naiz, bai; ikasten nabil, orain. Baina nahiko hizkuntza berezia da, nik ezagutzen nituenetatik oso desberdina. Hutsetik hasi naiz. Deklinabideak ditu, euskarak bezala, eta, behintzat, hizkuntzaren funtzionamendua ulertzen dut. Baina, bai, kostatzen ari zait, hala ere.

Zer da gehien gustatzen zaizuna?

Oso lasaia da, eta hirian bertan lasaitasun hori nabaritzen da; izan ere, natura pila bat dago. Oso gertu dituzu basoa, baita itsasoa ere... Hiriburua izanik, denetarik dago, baina ez da Madril edo Bartzelona bezalakoa... Herri bateko lasaitasuna eta hiriburu bateko eskaintza ditu. Oso ongi txertatuta dago natura hirian. Agian, alderantziz da: oso ongi txertatu dute hiria naturan.

Finlandiarrak hotzak dira hasieran, baina lagunak ere egin ditut. Euskaldunen talde bat ere topatu dut.

Argi orduetara egokitzea kostatu zaizu?

Egia esan, ez. Espero nuenaren kontra, ez zitzaidan gogorra egin. Egia da energia aldetik apalago nabaritzen duzula gorputza, baina ez da horrenbesterako. Hori nire kasuan izan da, bada egun motzekin asko sufritzen duen jendea. Nik denbora berdin-berdin aprobetxatzen dut: kirola egiteko, ikastaroak egiteko... Ikusi beharko dugu udan, kontrako egoeran, nola moldatzen naizen gauez lo egiteko.

Koronabirusak nola eragin du zure egitekoan?

Eskolak ez dira bertan behera geratu. Interneteko baliabideak erabiliz ari gara eskolak ematen: ariketak bidaltzeko eta zuzentzeko sistema batekin, eta bideo konferentzia bidez. Atzo, adibidez, mintza prakiketako eskola izan genuen, eta bertsotan aritu ginen.

Eta nola moldatu zineten?

Lagun batek bideo bat jarri zuen Interneten, azalpen argi batekin. Bideoa ikusi ostean, haiek ezagutzen duten hiztegiarekin, doinu erraz batekin eta... saiatu ziren. Ni ez naiz bertsolaria, baina bideoarekin eta eskolan ikasitakoarekin...

Helsinkin noiz arte?

Etxepareko irakurletza lau urte luza daiteke,gehienez ere. Oraingoz, ez dut inongo presarik, gustura nabil, oso esker oneko ikasleak dira, eta ni neu ere oso pozik egoten naiz eskolak ematen. Herrialdea gustatu zait. Beraz, ez dakit, beste planen bat sortzen den arte edo...



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia