euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Urtarrilean, 100 gazte abiatuko dira atzerrira lanera, Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko BEINT bekei esker (from Euskadi.eus)

12/15/2022

Arantxa Tapia eta Jokin Bildarratz sailburuek gaur goizean banatu dituzte SPRI Taldeko Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak emandako 100 akreditazioak. 2023ko lehen hiruhilekoan beste deialdi bat irekiko da 

Link: Euskadi.eus

Urtarrilean, 100 gazte abiatuko dira atzerrira lanera Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotzeko BEINT bekei esker. Laguntza horien helburua da talentu berriak trebatzea nazioartekotze eta atzerriko merkataritza arloetan, gai izan daitezen euskal enpresen eta erakundeen premiei erantzuteko. 1986an jaioa, nazioarteko ospe handia duen programa honek 36 urte beteko ditu aurtengo edizioan.

Gazte horietatik 20k atzerriko enpresekin hasiko dituzte beren praktikak, ahal dela atzerrian kokatutako euskal konpainiekin, eta gainerako 80ak Basque Trade & Investment Agentziaren Kanpo Sarearen bulegoetara joango dira edo bestela  atzerrian kokatutako Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetara edo Afrika, Amerika, Asia eta Europako 45 herrialdetan nazioartekotzea sustatzeko dauden organismoetara.

Arantxa Tapia Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur goizean banatu dituzte 100 akreditazioak Barakaldoko BECen egin den ekitaldi batean. Bertan bildu dira 100 gazte bekadunak eta euren senitartekoak, bai eta Mikel Amundarain Industria sailburuordea,eta Ainhoa Ondarzabal Basque Trade & Investment Agentziako zuzendaria.

SPRI Taldeko Basque Trade & Investment–Nazioartekotzeko Euskal Agentziak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU-UPV), Deustuko Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten 2021ean, zeinaren bidez edizio horretatik aurrera elkarrekin konbinatzen baitira, batetik, BEINT beka-programa eta, bestetik, euskal unibertsitate horietako bakoitzak nazioartekotze arloan eskaintzen dituen ezagutza eta prestakuntza-metodologia onenak.

Hitzarmena hiru euskal unibertsitateekin

Hitzarmen honen bidez ekosistema bat sortu nahi da BEINT beka-programako gazte onuradunei kalitatezko trebakuntza emateko. Asmoa da trebakuntza horren bidez hobeto ezagutu dezatela nazioarteko merkataritza, euskal ehun-ekonomikoa eta euskal erakunde zein enpresen errealitatea eta arauak, eta beharrezko gaitasunak barneratu ditzatela enpresa multilokalizatuen kudeaketarako eta nazioarteko salerosketarako.

Hala, SPRI Taldeak eta Basque Trade & Investment Agentziak beken hautaketa-prozesua kudeatzen eta prestakuntza-ibilbidea koordinatzen jarraituko dute. Bestalde, unibertsitateek -bakoitzak bere metodologian eta ezagutzetan oinarrituta- BEINT programako bekadunen lana ebaluatuko dute, bakoitzak prestakuntza-ibilbidearen barruan dagokion arloan, eta unibertsitate-kredituak banatu eta aitortuko dizkiete bekadunei.

Beint bekak

30 urtetik beherako ehun bat gaztek aukera izaten dute urtero BEINT beka bat eskuratzeko. BEINT beken helburua da nazioartekotze arloko talentu berriak trebatzea, gai izan daitezen euskal enpresen eta erakundeen premiei erantzuteko. BEINT bekak aukera paregabea dira unibertsitateko goi-mailako tituludun gazteei nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza emateko. Programa zabal honek aukera ematen du erreferentziazko titulu propio bat eskuratzeko, 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa egiteko Basque Trade & Investment Agentziaren Kanpo Sarearen bulegoetan, atzerrian dauden Espainiako Bulego Ekonomiko eta Komertzialetan edo bestela nazioartekotzea sustatzen duten beste organismo batzuetan, eta azkenik, aukera ematen du baita ere 8 hilabeteko egonaldia egiteko mundu osoan kokatutako enpresetan (ahal dela euskal enpresetan).

36 urteko ibilbidea egin ondoren, talentu berriak nazioartekotzeko tresna honek ia % 100eko enplegagarritasun-indizeak dauzka.

SPRI Taldean integratutako Basque Trade & Investment – Nazioartekotzeko Euskal Agentziak egiten du programaren urteroko deialdia eta hiru fase ditu. Lehenengoan, hiru euskal unibertsitateek 14 prestakuntza-moduluz osatutako ibilbidea eskaintzen dute Bilbon dituzten campusetan. Ikasleek 43 unibertsitate-kreditu lortzen dituzte guztira, eta unibertsitate bakoitzak titulu bat ematen du. Prestakuntza horretan (presentziala eta onlinekoa), ikasleek sakonki lantzen dituzte nazioarteko merkataritzaren arauak eta errealitatea, euskal ekonomia-ehuna, eta enpresa multilokalizatuak kudeatzeko behar diren gaitasunak.

Lehen fase hori gainditzen duten bekadunak bigarren fasera igarotzen dira, non 12 hilabeteko prestakuntza praktikoa jasotzen baitute nazioartekotzeari laguntza emateko erakundeetan. Nazioartekotzeko Euskal Agentziaren bulego-sarean eta Espainiak atzerrian dituen bulego ekonomiko eta komertzialetan egingo dituzte praktika horiek.

2021eko edizioaz geroztik, programan parte hartzen dute orobat TPEk, Nazioartekotzea sustatzeko Eragileen Europako Elkarteak eta Flandriako zein Greziako ekonomi garapenerako agentziek, zeintzuek hainbat jomuga eskaintzen baitizkiete bekadun batzuei euren prestakuntza-ibilbidea osatzeko. Hala, gazte parte-hartzaileek beren ezagutzak zabaltzen dituzte kontinente desberdinetako 40tik gora herrialdetako jomugetan.

BEINT beken azken fasean praktika profesionalak egiten dira nazioartekotutako enpresetan -ahal dela euskal enpresetan-. Programaren fase honetara iristen diren gazte bekadunek kanpo-merkataritzari buruzko gaitasunak eta ezagutzak hobetzen dituzte benetako enpresa ingurune batean. Praktika horiek aukera paregabea dira atzerrian lan-aukerak aurkitzeko, eta horren erakusgarri da aurreko edizioetan parte hartu duten gazteen erdia-edo, gaur egun, lanean ari direla praktikak egin zituzten konpainietan.

BEINT bekak beraizik zuzenduta daude 30 urtetik beherako gazteei, Euskadin bizi direnei eta unibertsitateko titulazioa eta ingeles maila altua dutenei. Programa honek 36 urteko ibilbidea du dagoeneko eta, denbora horretan, 1.900 gazte inguruk jaso dute nazioartekotzeari eta kanpo-merkataritzari buruzko prestakuntza. Nahiz eta unibertsitateko edozein gradutako ikasleek parte har dezaketen, ohikoenak izaten dira Administrazio eta Enpresen Zuzendaritzako, Ingeniaritzako eta Zuzenbideko ikasleak. Aurten, Eusko Jaurlaritzak 4,6 milioi euro bideratu ditu ekimen honentzat.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia