euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Unai Urretxo, Hego Korean bizi den arrasatearra: «Nire ibilbide musikala asko aldatu da Hego Korean» (from Berria)

05/30/2020

AEBak, Brasil, Hego Korea... Mundua alderik alde zeharkatu du Unai Urretxo musikari arrasatearrak. Saigongo Orkestra Filarmonikoko zuzendaria da, eta baita Suwongo Unibertsitateko irakaslea ere.

Link: Berria

Ion Orzaiz. Munduko orkestra entzutetsuenetako batzuk gidatu ditu Unai Urretxo orkestra eta opera zuzendariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1977). Hego Korean bizi da 2004. urtetik, Seuletik gertu dagoen Suwon hirian.

Zerk eraman zintuen Arrasate utzi eta Hego Koreara lekualdatzera?

Ez zen hain bat-batekoa izan. Aintzat hartu behar duzu ordurako nik bost urte neramatzala Bostonen bizitzen [AEB]; 1999. urtetik, hain zuzen. Boston unibertsitate giroko hiria da, oso kosmopolita. Han dituzu Harvard, MIT, Bostongo Unibertsitatea... Kontaktua egin nuen mundu osoko ikasleekin, nazioarteko hainbat proiektutan parte hartu nuen, eta kulturarteko giro horrek lagundu zidan perspektiba zabaltzen. Han, izen ona hartzen hasi nintzen pixkanaka, eta Bostongo Orkestra Sinfonikoarekin jo nuen, tronboi jotzaile freelance gisara.

Boston utzita, Brasilen ere bizi izan zinen, ezta?

Tarte txiki batez, bai. Sao Pauloko Estatuko Orkestrako tronboi jotzaile bakarlaria izan nintzen, Hego Koreara etorri baino lehentxeago. Oso bestelako esperientzia izan zen hura. Miseria ezagutu nuen. Goizero-goizero ateratzen nintzen etxetik entseguetara joateko, eta, metroko irteeratik aterata, dozenaka haur ikusten nituen kale gorrian lo egiten: bost eta hamabost urte artean izango zituzten. Esperientzia latza izan zen.

Hego Koreara iritsita ez zenuen nabaritu kulturen arteko talka?

Ez nuen sentsazio hori izan, ez. Arrasatetik zuzenean Suwonera jauzi egin izan banu, orduan bai: aldea izugarria da, eta talka erabatekoa izango zen. Baina, tartean hainbat tokitan izan nintzenez, ohituz joan naiz apurka. Jendearen jarreran datza toki baten eta bestearen arteko ezberdintasunik handiena.

Zergatik?

Koreako herritarrak, oro har, nahiko itxiak direlako. Konfuzionistak. Hierarkia zurrunak ezarriak dituzte; adibidez, adin nagusikoen aurrean ezin duzu berba egin nolanahi. Arau asko dituzte. Atzerritarrok aukera dugu, hein batean bada ere, arau horietaz paso egiteko; azken finean, ez gara hangoak, eta ez dugu geure burua behartuta ikusten. Hori dela eta, ni nahiko erraz moldatu naiz Koreako bizitzara.

Hego Korean bizitzeak zer eman dio zure ibilbide profesionalari?

Nire musika ibilbidea asko aldatu da hemen nagoenetik. Interprete gisara etorri nintzen, eta orain orkestra zuzendaria naiz. 2009an gertatu zen aldaketa. Pentsatu nuen zirt edo zart egin behar nuela: instrumentuarekin aurrera egin ala nire garapen musikala eta pertsonala beste norabide batean zabaldu. Bigarren aukerari heldu nion: masterra eta doktoretza egin nituen Polonian, Varsoviako Fryderyk Chopin unibertsitatean, eta, ordutik, hainbat orkestra zuzendu ditut.

Egunerokoan nabari al da Ipar eta Hego Korearen arteko gatazka?

Gauza bat da ikuspuntu politikotik nola ikusten den, eta oso bestelakoa hemengo jendeak nola bizi duen. Hemen, gehienek ez dute alderik ikusten iparraldeko eta hegoaldeko korearren artean: «Gure neba-arrebak dira», esaten dute. Hortaz, sozialki, ez dago gatazkarik. Hego Koreako presidenteak ere bat egitea aldarrikatzen du, baina AEBei, Japoniari, Errusiari eta Txinari ez zaie komeni. Denek nahi dute pastelaren zati bat.

Nolakoa izan da COVID-19aren eragina zuretzat?

Suwonen ez gaude konfinatuta, eta ez gara egon. Mugimenduaren aldetik, ia ez dugu nabaritu, epidemia beste hiri batean lokalizatuta egon delako, Daegun, eta neurri zorrotzenak han ezarri dituztelako. Hala ere, hezkuntzan eta diziplina artistikoetan sumatu dugu eragina: ikastetxeak eta unibertsitateak itxita daude, eta online ari gara eskolak ematen. Bestalde, kontzertu asko ere bertan behera utzi dituzte, eta antzokien aforoa erdira murriztu. Hori bai: metroa eta autobusak leporaino beteta doaz. Eta diskotekak zabalik, asteburuero gazteak pilatu daitezen eta elkarrekin dantza egin dezaten. Ez ditut ulertzen halako erabakiak.


LOTSABAKO
-Bizitzeko toki bat? Boston.
-Musika pieza bat? Beethovenen bederatzigarrena.
-Noiz itzuliko zara Euskal Herrira? 2021eko apirilean. Bilboko Orkestra Sinfonikoa zuzenduko dut zenbait kontzertutan.


« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia