euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Miren Egiguren, kooperantea: «Non zegoen jakin gabe joan nintzen lehen aldiz Venezuelara» (Berrian)

10/30/2022

46 urte egin zituen Miren Egigurenek Venezuelan, lehenengo Guajiro indigenekin, eta gero Caracasko Petare auzoan. Duela bost urte itzuli zen Euskal Herrira, eta, nahiz eta itzulera gogorra izan zen, hemen «lasai» bizi dela dio bidaniarrak.

Link: Berria

Amaia Jimenez Larrea / Tolosa, Gipuzkoa. Miren Egigurenek (Bidania, Gipuzkoa, 1947) makina bat istorio du kontatzeko. Izan ere, bere bizitzaren erdia baino gehiago pasatu du Venezuelan. 2017. urtean itzuli zen Euskal Herrira, istorio eta lagun handiak gogoan zituela. Leire Ibarguren idazleak Petare (Txalaparta) liburua argitaratu berri du, Egigurenen bizitza kontatzen duena. Tolosan bizi da egun, eta arratsaldeak Belate auzoko etxepean igarotzen ditu, lagunekin solasean, hondartzako aulkiak hartuta. «Torremolinosen gaudela ematen du!», esan du txantxetan.

—Noiz itzuli zinen Caracasko Petare auzotik, eta nolakoa izan zen Euskal Herrira itzultzea?

Orain dela bost urte itzuli nintzen, 2017an. Zeharo gaixotu nintzen, eta laguntza behar nuen, eta han ez nuen aukerarik, ez laguntzarako, ezta botiketarako ere. Ez zen erabaki erraza izan, gutxienez bi urtez egon nintzen «hemendik joateko garaia da» pentsatzen. Nire osasunak txarrera egin zuen, eta ez zegoen atzera bueltarik; itzuli beharra neukan.

Euskal Herrira iristean, lehen hilabeteak ahizparen etxean egin nituen, oso gaixo. Gaixotasun bat gainditzen nuenean, beste bat etortzen zen. Oso gaizki pasatu nuen.

—Eta Euskal Herrira itzuli zinenetik, zer egiten duzu hemen?

Gaixotasun guztiak gainditu nituenean, erretiroa eskatzera joan nintzen Gizarte Segurantzara, eta ez zitzaidala ezer egokitzen jakin nuen. Gerora, Mari Carmen, gure aspaldiko lagun bat, osasunez larri zebilela jakin nuen. Nire ahizpa eta biok Mari Carmenen etxean bizi ginen gaztetan, Bidaniatik ihesi, Donostiara lanera joan ginenean.

Orduan bururatu zitzaidan nik zainduko nuela Mari Carmen, eta, geroztik, egunero etortzen naiz beregana. Lau urte igaro dira lehen aldiz etorri nintzenetik.

—Zergatik joan zinen zehazki Venezuelara?

Non zegoen jakin gabe joan nintzen lehen aldiz Venezuelara. Garai hartan ezkontzea eta haurrak izatea ia-ia derrigorrezkoa zen, eta ni ez nintzen bizitza modu horrekin identifikatuta sentitzen. Kanpora joatea erabaki nuen, eta Madrilera joan nintzen, elkarte batera. Handik Malagara [Andaluzia] eraman ninduten ikastaro batzuk egitera, eta han nengoela Venezuelan katekistak behar zituztela esanez etorri ziren. Bi aldiz pentsatu gabe eman nuen izena.

—Zer esan zuten zure ingurukoek hain urrutira joan behar zenuela jakitean?

Etxean izugarri kosta zitzaidan banindoala esatea. Nire anaia txikienak 2 urte besterik ez zuen, eta izugarrizko pena ematen zidan familia atzean uzteak. Ez nion familiari ia agur esan ere egin.

Madrilera joan nintzen, eta han hegazkin bat hartu genuen, Caracasera iristeko. Makina bat ordu pasatu ondoren iritsi ginen Guajiroen komunitatera. Bidaia harrigarria izan zen. Orduak igaro genituen hareazko errepideetan.

—Nolakoa izan zen guajiroekin lehen aldiz topo egitea?

Gizonezkoa guayoco-arekin eta emakumezkoak tunika luzeekin joaten ziren, eta aurpegia margotua izaten zuten. Iritsi bezain laster katekesia eman behar genuela esan ziguten. Guajiroen herrian geunden gu. Guajiroek euren hizkuntza, euren ohiturak, eta euren bizitza dituzte, eta Kaputxinoek herri hura kolonizatu nahi zuten.

—Zer egiten zenuen han?

Niri haur guajiroei dotrina ematea egokitu zitzaidan. Haiek ez zuten tutik ere ulertzen gaztelaniaz, eta irakastea oso zaila izaten zen. Nik neure burua ikusten nuen haur haietan. Urte batzuk atzera Bidaniako eskolan moja espainiarrekin egon nintzen bezala ikusten nituen haur haiek. Moja gaizto haiek euskaraz hitz egitea debekatzen ziguten, gaztelania inposatuz, eta gu gauza bera egiten ari ginen guajiro gaixoekin! Orduan, dotrina emateari utzi, eta bertako guajiroek bezala lan egiten hasi nintzen. Erabaki nuen nire hurrengo lana herriarentzat ura eta argindarra lortzea izango zela.

—Eta lortu zenuen?

Baita lortu ere! Lehenengo Maracaibora joan ginen argindarra jartzen zuen enpresa batera, eta nahi genuena azaldu genion. Haiek esan ziguten hori oso zaila zela, guajiroek ez baitzuten dirurik. Venezuelan bizi ziren euskaldunak bilatzen hasi nintzen, euren laguntza jasotzeko asmoz. Azkenean, behar genuen diru guztia euskaldunengandik jaso genuen, eta argindarra jarri ziguten. Gero, ura lortzeko prozesua hasi zen, eta euskaldunek ere izan zuten laguntzeko aukera.

—Esan daiteke aurrean jartzen zaizun guztia lortzen duzula.

Bai, dudarik gabe. Beti lortzen dut nahi dudana. Bai guajiroen herrian, baita Petaren ere.

—Zerbait gehiago lortu zenuen guajiroentzako?

Guajiroek kontrabandoan ibiltzetik lortzen zuten dirua. Kolonbiaren eta Venezuelaren artean egonda, oso erraza zen handik dirua lortzea. Orduan, nik diru hori kudeatzen eta aurrezten erakutsiko niela erabaki nuen. Igandeetan herritarren dirua jasotzeaz arduratzen nintzen, eta astelehenetan ireki berri zituzten aurrezki kontuetan sartzen nien dirua. Guajiroekin ikusi nuen nik egin nahi nuena lan komunitarioa zela.

—Guajiroekin egon ondoren, Caracasko Petare auzora joan zinen. Nola azalduko zenioke Euskal Herritar bati zer den Petare?

Imajinatu dezatela, adibidez, Txindoki mendia, etxolaz beteta goitik behera. Egurrezko etxolak bata bestearen gainean. Sarritan gertatzen zen goiko bizilagunen oiloek beheko etxolaren teilatuan kaka egitea, eta beti esaten zuten berdina: «¡La de arriba caga a la da abajo!» [goikoak behekoari egiten dio kaka!].

—Petarera lehen aldiz iritsi zinenean, zer zen burura etorri zitzaizun lehen gauza?

Eladia izeneko moja bat ezagutzen nuen, eta hark eraman ninduen lehen aldiz auzora. Petarera iristen ari ginela, autobusa guztiz okertuta zihoan, auzora iristeko dagoen aldapa malkartsuagatik. Zera pentsatu nuen autobusean nindoala: «Jainkoak ez nazala zigortu, inoiz ez nintzateke hemen biziko eta!». Kanpotik ikusita itsusia izan daiteke Petare, baina munduko lekurik ederrena da niretzat.

—Zein izan zen iritsi berritan Petaren izan zenuen lana?

Hiru pertsona joan ginen auzora, eta bertan etxola bat erosi genuen. Besterik gabe, Petareko herritarren gisan bizitzen egon ginen, lanik egin gabe, baina jendearekin harremanak eraikitzen. Eurek bezala bizitzen ahalegintzen ginen, baina ezinezkoa zen. Inoiz ez gara euren berdinak izango. Ni zuria naiz, europarra, eta nahiz eta egoerarik okerrenean egon, handik ateratzeko aukerak izan ditut beti. Nik nahi nuelako bizi nintzen han, baina haiek beste aukerarik ez zutelako. Bestalde, han bizi nintzen bitartean, ikasten aritu nintzen.

—Zer ikasi zenuen?

Hutsetik hasi nintzen Venezuelan. Hasteko, lehen hezkuntza egiten hasi nintzen, eta titulua atera nuen. Gerora, batxilergoa ikasten hasi nintzen, eta titulu hori ere atera nuen. Azkenean, irakasle izateko ikasketak hasi nituen, eta irakasle izatera iritsi nintzen.

—Noski, Mirentxu la maestra deitzen zizuten han. Gustukoa zenuen izena?

Nik neuk esan nion jendeari Mirentxu deitzeko, bestela Miren izenarekin hitz jokoak egiten zituzten eta!

—Irakasle izan zinen urteetatik baduzu bereziki gogoratzen duzun ikaslerik?

Behin, lau ikasle, hiru mutiko eta neskato bat, egun batzuk pasatzera eraman nituen herrixka batera, ogia egiten ikas zezaten. Oso ikasle txarrak ziren, eta malandro-ak [talde kriminaletako kideak] izaten amaituko zutela argi nuen.

Ogia egiten ikasi zuten, gero ogia Petaren saltzeko, eta, esperientzia horri esker, ikasten jarraitzen zuten. Izugarrizko arrakasta izan zen. Irabazten zuten diruarekin, eta osagaiak erosteko gastatutakoarekin, etekina zenbatekoa zen ikasi zuten. Izugarri aldatu ziren neska mutil haiek. Lan askoren ondoren, haurrak aldatu zitezkeela ikusi genuen.

—Petare liburuan agertzen da ikasteko arazoak zituen haur batentzat metodologia berezi bat asmatzea ere lortu zenuela. Nolakoa zen metodologia hori?

Zenbat ordu igaro nituen haur hark ikas zezan! Julio deitzen zen, eta ipuinak izugarri gustatzen zitzaizkion. Alfabetoa ikastea izugarrizko erronka zenez, letra bakoitzeko ipuin bat asmatu nuen. P letrarekin Pepe izeneko gizon baten istorioa kontatu nion, pixkanaka letra guztiak ikasten joan zen arte.

—Zein da Petareko biztanleentzat lortu duzun gauzarik onena?

El Nazareno [auzotarrentzako ikastetxe bat da], dudarik gabe. La casa de Mirentxu deitzen diote askok. Petareko haur bat hiru hilabeterekin El Nazarenoko haurtzaindegian hasten da, eta goi mailako ikasketak ziurtatuta ditu. Leku gutxitan topatu zitekeen hori lehen. Denbora askoan ezabatuko ez den aztarna bat da etxe hori.

—El Nazarenon ikasten egon ondoren, badago ikasten jarraitu duenik?

Bai. [Hugo] Chavezek unibertsitate bolibartarrak doan jarri zituen. Nik seme bat dut Venezuelan, haren emaztea Petareko etxola batean hazitakoa da, eta medikuntza ikasketak amaitu zituen, ezer ordaindu gabe.

—Seme-alaba gehiago ere badituzu, ezta?

Euskal Herrian bizi den beste seme bat dut, eta alaba bat, 19 urterekin etxetik joan zena. Mutikoak txikitatik hezi ditut. Orain Venezuelan bizi den semeak haurtzaro oso gogorra izan zuen, 3 urte besterik ez zituela drogatuta eta mozkortuta topatu zuten. Oso nerabezaro zaila izan zuen.

Euskal Herrira etorri zen semea Ordizian bizi da gaur egun. Hiru biloba ditut berari esker. Euskal Herritik Petarera joandako kooperante batekin ezkonduta dago.

—Han 40 urtez baino gehiagoz egonda, une gogorrak bizi izango zenituen. Zeintzuk izan dira garairik zailenak?

Gu iritsi ginenean, pobrezia besterik ez zegoen. 120 eskailera igo behar ziren Petarera igotzeko, eta urik gabe bizi ziren; beraz, eskailera horiek uraren bila joateko igo eta jaitsi behar ziren, nahitaez. Haurrak zorriz eta sarnaz josita zeuden. Pobreen artean pobreenak ziren. Bestalde, Petaretik alde egiteko beharra ikusi nuenean ere oso gogorra izan zen.

—Zergatik?

Malandroen [talde kriminaletako kideak] arteko gatazka batean sartu ninduten, eta baita mehatxatu ere. Petaretik alde egiteko esan zidaten, bestela nire semeari zerbait egingo ziotela. Caracasera joan nintzen orduan. Oraindik amesgaiztoak izaten ditut malandroekin eta haien pistolen tiro hotsekin.

—Urte haietan Venezuelako auzo pobreen egoera hobetzeko lana egin zuen politikari bat izan zen: Hugo Chavez. Zer iritzi duzu bere inguruan?

Chavez kargura iritsi zenean auzoa medikuz bete zitzaigun. Eskolak gainezka zeuden, mundu guztiak ikasten zuen. Petaren unibertsitate ikasketak egiteko aukera ere eman zuten. Ez zuen herriak unibertsitatera joan behar, unibertsitateak herrira baizik. Gaur egun, egoera bestelakoa da. Esan didatenez, bost urtetan izugarri aldatu da Venezuela.

—Zein da orain Venezuelaren egoera, bada?

Ez dakit, egia esan. Han ez banago, ezin dut jakin nolakoa den. Badago jendea Venezuelara joan, astebete egon, eta hango bizimodua kontatzen ari direnak. Dena gezurra!

—Gaur egun baduzu harremanik hango jendearekin?

Bai, egunero hitz egiten dut haiekin.

—Itzuliko zinateke Petarera, bisitan bada ere?

Petareko garaiak atzean utzi nituen, eta hara itzultzea nolabait iraganera itzultzea dela iruditzen zait; izugarri zaila egin baitzitzaidan dena atzean uztea.

—Nola laburtuko zenituzke Venezuelako urte horiek guztiak?

Han kezkatuta bizi nintzen: tiroketak, batetik; semearekin arazoak, bestetik... Orain, ez dut arazorik, gustura eta lasai bizi naizela esango nuke.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia