euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

[Ekuadorren eta Venezuelan ibili zen misiolari] Josetxu Canibe hil da: Misinoa, alkartasuna eta komunikazinoa (from Bizkeliza.org)

12/26/2022

Atzo hil zan Bilbon, 88 urteko zala, Josetxu Canibe Berganza abadea. Bihar -martitzena-, Arabako bere jaioterrian hobiratuko dabe eta bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna eguaztenez, abenduak 28, ospatuko da Bilboko Indautxuko Karmeneko Ama parrokian, 19:00etan.

Link: Bilboko Elizbarrutia

Josetxu Canibe (Retes de Llanteno, Araba, 1934), 1959an egin zan abade Gasteizen eta hantxe inkardinatuta egon da beti. Abade egin osteko lehenengo urratsak Payueta/Pagoetan –Urizaharra udalerriko kontzejuan, Arabako probintzian, emon ebazan. Han, Juan Carlos Pinedo Gasteizko Eleizbarrutiko abade eta misiolariak gogoratzen dauanez, Canibek herritarren akonpainamendurako esperientzia jarri eban martxan eta hnen bitartez hainbat abadegai lur-lantzen ibilten zan udako oporraldiko egun batzuetan, herrian txertatzeko eta herritarren bizilagun bihurtzeko. Beranduago (1963), Josetxu Ekuadorrera joan zan misiolari lezeta Venezuelan be izan zan (1969). Misinoetatik bueltan, Bilboko Eleizbarrutian txertatu zan eta hemen aritu zan pastoralgintzan azkeneraino, bere misino-konpromisoari eutsiz. 

Euskal Eleizbarrutietako Misinoen oinarria

Pinedok nabarmendu dauanez, Josetxu funtsezko oinarria izan da Euskal Eleizbarrutietako Misinoen jardunean, Los RIos aldizkariaren zuzendaritzan emon dituan 30 urtetan. “Gizon garrantzitsua lurreko herri zapalduen aldeko alkartasunean fedearen ikuspuntutik: egitasmo indigena eta amazoniarrak babesteko GKEak sortu ebazan, Eleizbarrutietako Misinoetan gengozanoi gertutasun handia erakutsi euskun beti eta babesa emoteaz gainera, hausnarketa eta autokritikarako laguntza izan zan. Agurraren orduan, esker ona adiearzo gura deutsagu gauzak zalantzan jarri eta hausnartu izanagaitik, konpromiso misiolari militantetik egiten eban-eta”

Adiskidetasuna

Txomin Perales abade-lagun eta adiskide minak gogoratu dauanez, Josetxu 1971ean Ekuadorretik bueltatu zanean ezagutu eben alkar. Txomin Eleizbarrutiko Seminarioan, Arabellan, egoan orduan, bost abadegagaz eta Canibe euren hezitzaile pastoral izan zan. Beranduago, Perales be egon zan urte batzuez misinoetan, Vincesen (Los Rios, Ekuador), 1981etik 1985era.

Txominen esanetan, “hartu-emon estua izan dogu, sarri ikusten genduan alkar, alkarregaz bazkaltzen genduan…”. Josetxuri buruz hitz egitean, “agerpen bizia” eban pertsona zala dino, kazetari-sena, ikertzaile-sena ebala eta “oso apala zala eta inondik inora ez harroa”. Kultura gustuko eban, irakurle ona zan eta liburutegi ona eta askotariko jenteagazko hartu-emon onak ebazan.

Txominek azaldu dauanez, Joxetxu adiskide ona zan, benetan leiala: “huts egin barik deitzen eban eta beti egoan hartu-emonerako prest. Adiskideak zaintzeaz eta jagoteaz arduratu zan. Zuhurtzia eta trebetasuna eban eta ez zan sekula etsai bihurtzen ez eban-eta gustuko liskarretan sartzea eta isila zalako”.

Kazetaritza

Kazetaritzan lizentziatua Madrileko Universidad Complutende deritzanetik (1959) eta Batxiller Teologian (Gasteiz, 1979), Kanibek kazetari-bokazinoari eutsi egin eutsan bizitza osoan. Hainbat agerkariren egilea izan zan eta Los Rios aldizkariaren zuzendari 30 urtez, “XX. gizaldiko azken 15 urtez eta XXI. gizaldiko lehenengo 15 urtez”, agerlaroarem 70. urteurrena ospatzeko kaleratu zan 264. alean argitaratutako artikuluan gogoratu ebanez. Eskatu jakon guztietan lagundu eutsan aldizkariari, alkarrizketa edo artikuluakaz edo “Una mirada al mundo/Mundari begira” sailean gaurkotasunezko gaien inguruan idatziz. Los Rios aldizkaritik esker ona adierazo gura deutse euren historian funtsezko izan da-eta.

Pastoraltza

Bilboko Eleizbarrutian hainbat lurraldetan jardun eban abade lez: 1971 eta 1976 bitartean, Arabeñña aizplp Atxetako Andra Mari parrokian parroko izan zan. Sasoi horretan, kazetari lez hasi zan Radio Popular-Herri Irratian eta gero Los Rios aldizkarian. Otxarkoagako eta Portugaleteko Nazareteko Andra Mari parrokiako abadeen taldeetako kide izan zan. 1982 eta 1991 bitartean, irakasle izan zan EHUko Irakasle Eskolan eta Euskalduna ontziolen krisian, grebalarien kapilau izan zan. 1982 eta 1999 bitartean, Basurtuko Sortze Garbia parrokiako parroko izan zan. Komunikazinoarako Eleizbarrutiko sailean eta “Alkarren Barri/Comunicación” aldizkarian lankidetzan aritu zan. Azkenaldian, Indautxuko Karmeneko Ama parrokian lagundu eban, hantxe bizi izan zan-eta azken urteetan, Bilboko San Bizente abade-etxera joan aurretik.

Arazoak eukazan mobiduteko baina, dana dala, Josetxu beti egoan ekintzarako prest. Hainbat egitasmo jarri eban martxan eta beste askotan lagundu.

Ipar-Hegoa saria

2008an, Josetxu Canibek Ipar-Hegoa saria jaso eban. Bilboko Udaleko Bardintasun, Lankidetza eta Herritartasunerako arloak sustatuta, “mundu zuzenagoaren eraikuntzan” erakutsitako konpromisoagaitik emon eutsen. Urte horretan hasi ziran saria emoten eta Canibek jaso eban “Ipar eta Hegoaren artean gertutasuna, errespetua, alkartasuna, onarpena eta ulermena bultzatzeko zubiak eraikitzen aritzen diranei” autortza egiteko sari hau. 

Bizkaiko Caritasek aurkeztu eban hautagai lez, Eleizbarrutiko erakunde honen ustez, alkartasuna Caniberen ezaugarria zen, “konpromiso pertsonal, etiko eta sozial lez Ipar-Hegoa arrakala gainditzean eta gizadi osoarentzako mundu zuzenagoaren eraikuntzan”.

Yan Lur

Josetxuk arreta handiz zaintzen eban Yan Lur alkartea. “Bere txikitasun eta jardute solidarioaren (ekonomikoa zein soziala) bitartez”, laguntza zuzen eta eraginkorra emonez Amazonian indigenen alde jarduten dabenei, honeek “euren patuen eta lurren egile, eragile eta jabe izan daitezan. Bide batez, sentiberatasuna biztu gura da Bizkaian errealidade honen inguruan”.

2005ean, Canibek indigenen inguruko biltzarrean parte hartu eban, Brasilian. Amazoniako herrien egoeraz jardun eben, euren alde esku-hartzea hil edo bizikoa zala esanez, oihanak askotariko eraso eta urraketak jasaten zihardualako. Orduan, Amazoniako indigenek jasaten eben egoera salatzeko. Yan Lur Ama Lurra alkartea sortu zan.

Liburuak

Asko idatzi eban, erraztasun handia ebalako. Artikuluak, ebanjelioen iruzkinak, erreportajeak, artikuluak…, idatzi ebazan eta baita agerkariak ere, besteak beste: ‘Un atardecer de junio’, Isidro Uzkudun misiolari pasaitarra Ruandan hil ebela-eta idatzi eban eleberria, hilketaren hamargarren urteurrenean. Caniberen esanetan,  “Isidro gizon aparta izan zan bizimodu arruntean. Gizon apala, martiri izateko bokazino bakoa, bizitzaz eta Donostian erretiroaz gozatu gura ebana, baina sekula ez eutsen erantzukizunei uko egin, pentsatzen ebana esaten eban, ez eutsan uko egiten buruzagiakaz hitz egin eta gauzak argi eta garbi eskatzeari eta hori ez eban askok egiten”.

Eskerrik asko Josetxu
Goian bego eta egun handira arte!



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia